Nafarroako Erriberan kosta egiten da euskara entzutea eta are gehiago erabiltzea, besteak beste, zonifikazioari aurre egin behar diotelako bertako euskaldunek. Tuterako gazteek egoera iraultzea erabaki dute, eta hasi dira pixkanaka, tipi-tapa, bidea egiten. 2021eko udan Union Tutera eratu zuten: “Herrikoia eta euskalduna den kirol taldea”. Ander Alfaro klubeko bazkideak azpimarratu digu Tuteran euskara entzunaraztea gola sartzea dela.
Kirolean oro har eta futbolean bereziki erdarez egiteko joera zabalduta dago Euskal Herrian, herririk euskaldunenetan ere. Estrategiak erdaraz eta ospakizunak erdaraz; jokalari eta afizio, espainolez eta frantsesez. Union Tutera kirol talde berriak, ordea, aurkakoa egin du. Kirolaren bidez euskara entzunarazi nahi dute Erriberan, eta, era berean, balio batzuk dituzte oinarri: aniztasuna, feminismoa, antifaxismoa… Futbolean eta areto futbolean jarduten dute, emakumezkoen eta gizonezkoen taldeekin, eta Ander Alfaro bazkideak aitortu digu “hasiera zaila” den arren, giro itzela dutela neska-mutilen eta jarraitzaileen artean. Horrek aurrera egiten laguntzen ditu.
Taldearen sorreran kide futbolari batzuk eta kide euskaltzale batzuk zeuden, eta, beraz, biak uztartzea erabaki zuten. Tuterako gazteen estrategia izan da jendartean eragin zuzena duen arloan euskara txertatzea, eta zelaira ekartzea: “Futbola oso bozgorailu ona da Tuterari gauza batzuk esateko. Batzuetan euskararen aldeko ekintzak eta mobilizazioak egiten dira, baina jendeak ez ditu ikusten”. Korrika herritik pasatu denean, behintzat, euskaltzaleak protagonista izan dira, eta Union Tuterak ere hartu du lekukoa. Ikusgarri egin dute euskara, Korrikaren egunean ez ezik, gainerako egunetan ere bai.
Kirol emaitzez harago, Alfarok dio gola sartu dutela, lortu baitute talde elebidun bat Erriberan talde normaltzat hartzea. Garrantzitsua iruditzen zaio Tuteran euskara normalizatzeko gaztelerarekin batera jartzea, nahiz eta askok ez ulertu, hizkuntza plazara ateratzen dutelako. “Leku euskaldunetan agian borroka beste modu batean egiten dute, baina geurea bezalako herri batean Union Tuteraren Twitterrean euskara ikustea jada irabaztea da”.
Belarritik ahora
Momentuz ezinezkoa da euskara taldekide guztien ahotan egotea, askok ez baitakite, baina belarrietan badute, behinik behin. Futbol taldeko entrenatzailea euskalduna da, eta jokalari batzuk ere bai. Hortaz, Alfarok nabarmendu du saiatzen direla dakitenen artean euskaraz egiten, eta ez dakitenak edo ikasten ari direnak hitz batzuk erabiltzen saiatzen direla. “Aurkari batzuei arraro egiten zaie, zeren Erriberan denek egiten baitute gazteleraz”. Ez dakiten batzuk AEKn ari dira klaseak jasotzen, eta denak animatzen dituzte horretara. Izan ere, Agerraldia ekimenaren laguntza jaso du Union Tuterak, eta AEKrekin ere hitzarmen bat du. Ari dira, bada, hitzekin eta jokoarekin pixkanaka euskara Erriberako zelaietara ekartzen, eta horrekin ingurura: harmailetara, sare sozialetara, eta Union Tuterarekin harremana duten begi eta belarri guztietara.