argia.eus
INPRIMATU
Uniformearen bi aurpegiak
  • Ordenagailutik nenbilen argazki baten bila eta berriro hau begi aurrean. Argazki hau sorpresaz agertu ohi zait noizbehinka eta beti dedidakatzen dizkiot minutu pare bat gorroto aurpegi nazkagarri honi. Barruan su bat pizten zait 50 etxeko herrixka hontan pasatakoak gogoratzean. Kolonbia, Caquetá.

Irantzu Pastor @irantzupastor 2014ko urtarrilaren 13a

Caquetá beti izan da Kolonbiako gobernuarentzat zonalde gorria gerrateari dagokionez, bertako herritarrak kontrol militar bortitzarekin bizi behar izaten dute kaleetan eta etxeetan. Bi metro zituen kolonbiako ejerzitoaren batailoiko sarjentuak zera erran zidan “hemen jaioberriak eta guzti dira gerrillari, badakizu, beraien aitonengatik dator eta odolean daramate jada”. Herrixkako ostatu bakarrean arroza eta arraia afaltzen ari ginela agertu zen, 8 militarrek eskolta ematen ziotela, sarrera triunfala eginez betiere seduktorea izan nahi zuen irribarre batekin. Ostatua hustu egin zen bi segundutan eta atzera begiratu nuen une bakarrean konturatu nintzen 20 urteko zerbitzari jatorra ikaratuta zegoela, sarjentuari “aguapanela” bat eskaini zion lurrean iltzatuta zegoen begiradarekin eta sukaldean sartu zen. Urrengo egunean bertara gosaltzera joan ginenean, ingurura begiratu zuen lau bat aldiz eta hurbiltzeko erran zidan, hitza emanarazi zidan bere izena etzela inon agertuko eta isilka aipatu zuen ejerzitoko sarjentuarekin elkartuta ginenean, ostatuko atzeko atetik 3 militar sartu zirela argazki kamerekin neska gaztea mehatxatuz. Batailoiaren kanpamentua herrixkari itsatita zegoen, 200 soldadu inguru ziren, eta nolabaiteko fama hartua zuten giza eskubideen defendatzaileei argazkiak egin eta gero argazki montajeak egiteagatik. Hau da, sarjentuaren aurpegia borratu eta FARC-EPko komandanteen aurpegiak eransteagatik, Photoshopeko moztu-itsatsi kutre batekin, gero montaje judizialak egiteko.

Horrelakoak dira batailoien eguneroko handitasun heroikoak, aurreko egunean inguruko bidaxka batetan herriko adimen-urritasuna zuen gazte bakarra erahiltzea lau tirorekin buruan, 83 urteko bikote nekazari bat tirokatu eta lurrean hilda zeudela AK-47 pare bat jartzea ondoan gerrillari bezala erakusteko,…

Batailoi honen kanpamentua nekazari baten etxeko lurretan montatua zegoen, bera, behartua izan zen etxea uztera “nola hurbilduko naiz armatuak dauden 200 gizonengana handik joateko eskatzen?”, halaz ere egitea erabaki zuen, duintasunagatik. Kanpamentura ailegatzen ari zela, arropa garbitu eta zintzilikatzeko erabiltzen diren soka horietan, besoko (brazalete) eta kamixeta beltz mordoa ikusi zituen lehortzen, AUC jartzen zuen zuriz (Autodefensas Unidas de Colombia; paramilitarrak).

Ongi dakit kolonbiako ejerzito nazionalaren azpiko kamixeta ofiziala, berdea dela, eta horrela izan behar dela legez. Horregatik, azpian duzuen paramilitar ofizial eta legal honek zenbat masakre eta hilketetan parte hartu izanen duen pentsatzen dut aldioro. Hiltzeko makina bihurtzeko entrenamenduetan ikusten dut, azpian ageri zaion kamixeta beltzak dituen odol arrastoak garbitzen imajinatzen dut, uniforme ofiziala kentzen imajinatzen dut extra-ofizialarekin sarraskiak egiteko gero ofizialarekin Santos presidenteari eskua estutzeko…

Soldaduaren argazkia handituta

Bien artean badago begirada talka bat, berak agian bere argazkia nonbait publikatuta imajinatuko zuen, nonbait idatzita bere aurpegiaren alboan paramilitar bat dela, bera eta bere ejerzito nazionaleko lagunak estatuaren hiltzaile legalak direla,…