argia.eus
INPRIMATU
Uniformeak eskola guztietan: zer dago Frantziako Gobernuak ezarri nahi duen neurriaren atzean?
  • Ikastetxe guztietako ikasleek uniformea eraman beharko dute 2026tik aurrera, Frantziako presidenteak iragarri duenez. Hainbat hezitzaileri galdetuta, "aniztasunaren kontrako neurria" dela garbi dute. Identitatea erakusteko eta espresatzeko modu bat da arropa, eta ikasle guztiak uniformizatu, homogeneizatu eta subjektibotasun oro ezabatu nahi du Macronen Gobernuak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko urtarrilaren 18a
"Estatuak diziplinatze tresna batzuk erabiltzen ditu bere begirada inposatzeko, tartean eskola". Argazkia: 123RF

Klase sozialen arteko desberdinkeria ezabatzeko helburuz erabaki daiteke ikasleei uniformea ezartzea, baina Emmanuel Macron presidentearen diskurtsoa osorik entzunda, ez dirudi xedea hori denik. Diskurtsoan zerrendatzen dituen asmo eta erabakiak aintzat hartuta, "dena da multzo bat, eta multzo horrek ematen dio zentzua uniformearen neurriari, ikuspegi bati erantzuten dio, eta ulertzen dugu ez duela funtzio sozial bat, helburua aniztasuna ezabatzea dela, ikasleak uniformizatzea. Arroparen bidez, identitatea erakusteko moduak bilatzen ditu jendeak, eta uniformearekin hori estaltzen da", adierazi digu Amelia Barquin hezitzaileak.

"Ezabakeria eta homogeneizazio horretan, ziurrenik badira asmo batzuk: ez dadila hijabik ikusi, ez dadila ikusi oihal afrikarrik, ezabatu daitezela beztitzeko molde urbano zenbait (klase sozialarekin eta beste jatorritako herritarrekin zerikusia izan ditzaketenak)...", iritzi dio Nora Salbotx hezitzaileak. Neutraltasunaren izenean, ezabakeria ikusten baitu Salbotxek, arrazakeria eta klasismoa ardatz.

Gure itxura eta gorputza kudeatzeko modua, batez ere adin jakin batzuetan, espresatzeko eta adierazteko modu inportantea da, agian beste eremu batzuetan ez dugun askatasuna janzkeran baliatzen dugu horretarako, eta horri guztiari kontra egiten dio neurriak, azaldu du Barquinek. Uniformea ikuspegi sozio-ekonomiko batetik defendatuta ere, "klase sozialak beti bilatzen ditu moduak bere distira erakusteko", dio, zapata eta motxila garestien bidez, esaterako.

"Ezabakeria eta homogeneizazio horretan, ziurrenik badira asmo batzuk: ez dadila hijabik ikusi, ez dadila ikusi oihal afrikarrik, ezabatu daitezela beztitzeko molde urbano zenbait..."

Neskek gona, mutilek prakak?

Uniformeek binarismoa indartuko duten susmoa eta kezka ere agertu dute bai Barquinek bai Salbotxek: neskentzat arropa bat, mutilentzat beste bat.

Eskolaren instrumentalizazioa ere kritikatu du Salbotxek: "Diskurtsoan, Macron mintzo da ordenaz eta segurtasunaz, hobeto armatzeaz, mugak hobeki kontrolatzeaz, droga kontrol gehiago egiteaz, Polizia bikoizteaz, hezigabeak diziplinatzeaz… eta diziplinatze horretarako erabiliko duen tresnen artean eskola aipatzen du, inongo erreparorik gabe. Brigitte Vasallok eta bertze hainbatek salatu izan dute, estatuak diziplinatze tresna batzuk erabiltzen dituela bere begirada inposatzeko, tartean eskola. Horren adibide garbia da hau".

Frantses nazionalismo eskuindarrean heztea xede

Uniformearen neurriarekin batera, Lehen Hezkuntzan La Marseillaise ikastea edota lizeoko ikasleek zerbitzu nazionala egitea aipatu ditu Macronek, besteak beste. Finean, badirudi haur eta gazteak frantses nazionalismo eskuindarrean hezteko tresna bilakatu nahi dituela ikastetxeak Frantziako Gobernuak, eta hala berretsi digu Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak: "Bai hitzaldian bai eszenografian, biziki kontserbadorea eta frantses nazionalista izan da mezua, eta hori da hezkuntzaren bidez egin nahi duena, frantses nazionalismoa garatu, ikasle guztiek nazionalismo hori barneratu dezaten. Guretzat biziki kezkagarria da, baina ez gaitu harritu, azken urteetan bide hori jarraitzen ari baita Gobernua".

"Hezkuntzaren bidez nahi da ikasle guztiek frantses nazionalismoa barneratzea. Guretzat biziki kezkagarria da, baina ez gaitu harritu, azken urteetan bide hori jarraitzen ari baita Gobernua"

Seaskari nola eragingo dion galdetuta, "kontratupeko eskola garenez, eragin eragiten digu, legea aplikatu behar dugu", erantzun du, "baina gauza bat da komunikatzen dena eta bestea azken testuan joango dena, urteotan beste adierazpen gogor batzuk ere egin izan baititu eta gero ez da esandako guztia aplikatu; ikusiko dugu zein den azken testua eta zer den eta nola aplikatu behar dena".

Emmanuel Macronen hitzetan, bi urte barru janzkera bakarra sartuko da indarrean Frantziako estatuko ikastetxeetan, baina asmoa da aurretik ehun bat ikastetxetan proba egitea, eta uniformearen erabilera ongi baloratzen bada, neurria gainerako eskoletara zabaltzea.