Inflazio kosmikoa unibertsoa sortu osteko lehen momentua hobekien azaltzen duen teoria da, eta baditu dagoeneko 30 urte, Big Bangaren teoria osatzera heldu baitzen 80ko hamarkadan. Alan Guth zientzialari estatubatuarrak proposatu zuen eta berau egiaztatatzen duen froga litzatekeena aurkitu dute nazioarteko zientzialariek, Antarktikan. Inflazioaren teoriaren arabera, unibertsoa ikaragarri hedatu zen, eta ikaragarri azkar gainera, duela 13.800 milioi urteko leherketa gertatu eta berehala. Geroztik, pausatuago jarraitu du hedatzen.
BICEP2 mikro-uhin teleskopioak lehen istant haren dardara sotila aurkitu du, leherketa gertatu eta berehalako hedatzearena. Zeruan aurkitu duten hori, beraz, grabitazio uhinen arrastoak dira, eta Albert Einsteinek Erlatibitatearen Teorian zioen moduan, Big Bang bezalako gertaera bortitzak uhin modukoak sortu beharko lituzke espazio-denboran. Gauza batean tronpatu egin zen, ordea, genioa. Hark ez baitzuen uste grabitazio uhinok aurkitu ahal izango zirenik, unibertsoa hain handi eta zaharra izaki.