Espainiako Gobernuak ekainean aurkeztutako protokoloa berritu du. Espazioak aireztatzeari garrantzia ematen dio, bakartutako ikasleei hezkuntza jasotzeko “eskubidea” bermatu beharko zaie, eta aurrez aurrekoa zein online hezkuntza aurreikusten ditu.
Astelehenean jakinarazi dizkie Espainiako Unibertsitate Ministerioak erkidegoei ikasturte berrirako neurrien proposamena. Ekainean aurkeztu zuen oinarrizko dokumentua, eta gaur iragarritakoa horren eguneraketa da. Irailaren 3an, osteguna, Manuel Castells Unibertsitateetako ministroak argibide berriak emango ditu.
Aurrez aurre eta online
Aurrez aurreko eredua lehenetsi du Unibertsitate Ministerioak, baina online bidezkoa ere aurreikusten du zenbait egoerarako: "1,5 metroko tartea bermatzeko instalazioaren edukiera matrikulatutako ikasle-kopurua baino txikiagoa bada, jarduera ezin izango da osorik aurrez aurre egin, eta unibertsitateek neurri egokiak hartu beharko dituzte online egin ahal izateko”. Bestetik, ikasle bat bakartua badago emaitzen zain eta positibo emateagatik, eskola beste modu batera jasotzeko “eskubidea” izango du. Eskubidea nola gauzatu unibertsitate bakoitzak erabakiko du. Kutsatutako ikasle edo langileak asko izatekotan, unibertsitateak osasun arloko arduradunekin batera hartuko ditu erabakiak.
Aireztatzeari garrantzia
Ministerioak iragarri dituen neurri gehienak oro har eskoletan hartutakoen bidetik doaz. Unibertsitate bakoitzak kasu positiboen aurreko protokoloa osatu beharko du, eta COVID-19arentzeko arduradun bat. Pertsonaren batek sintomak agertzekotan, bera bakartzeko gela berezitu bat egon behar du zentro bakoitzean.
Espazioak aireberritzea gomendatzen du Unibertsitate Ministerioak, horretarako leihoak “ahalik eta denbora tarte luzeenean” irekita mantenduz. Gutxienez jardunaldi eta klase bakoitzaren hasieran eta amaieran 15 minutuz leihoak zabaltzea eskatzen du.