argia.eus
INPRIMATU
Unibertsitateko indarkeria sexuala aztertuko dute Donostian egingo den jardunaldi batean
  • Unibertsitateko indarkeria sexualari buruzko jardunaldia antolatu dute EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatetan urtarrilaren 26an.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 10a
Joan den abenduan Mondragon Unibertsitateak Eskoriatzan duen ikastegian antolatu zuen USVreact-ek jardunaldia.

Universities Supporting Victims of Sexual Violence (USVreact) ikerketa proiektuak antolatutako jardunaldia 9:30ean hasiko da Marta Luxan Serrano eta Mila Amurrio irakasleen aurkezpenarekin. Ondoren, 10:00etatik aurrera, indarkeria sexualari buruzko auzi kontzeptualak landuko dituzte Patsilí Toledok eta Montse Pinedak, Kataluniako ikuspegia eskainiz.

Biolentzia sexualaren inguruan egindako ikastaroak ebaluatzeko tarte bat izango du ondoren, Edurne Jimenezen eskutik. 12:30ean berriz, Enara Arregik, Ianire Estebanezek eta Aitziber Bañuelosek hitz egingo dute. EHUren barruan gai honen inguruko protokolo berri bat lantzerako orduan ikasleei eta unibertsitateko profesionalei entzuteko prozesuaz arituko dira.

15:30ean hasiko da jardunaldiko azken hitzaldia. Jokin Azpiazu Carballok berri emango du USVreact-ek EHUrentzat sortutako formazio-ereduaz eta ondoren haren inguruan eztabaidatzeko aukera izango da.

Jardunaldian izena ematea dohainik da eta formulario hau betez egin daiteke. Izena eman gabe ere etortzea badago, baina antolatzaileek azaldu dutenez, eskertuko lukete izena ematea, aldez aurretik jakiteko zenbat jende joango den.