argia.eus
INPRIMATU
Unibertsitateko ikasleak, bazterkeria arriskuan dauden haurren bidelagun
  • Gizarte-bazterkeria arriskuan dauden 10 eta 14 urte arteko haur migratzaileak eta haien mentore izan nahi duten ikasle helduagoak (goi mailako ikasketak egiten ari direnak) elkartzen ditu Urretxindorra proiektuak. Proiektuaren bederatzigarren edizioa abiatu berri da eta 37 bikote osatu dira aurten Gipuzkoan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko azaroaren 23a

Ekimen honetan, 18 eta 30 urte arteko gazteek mentore rola hartzen dute eta konpromisoa hartzen dute astero arratsalde bat haurrarekin elkartzeko, giro informalean. Haurrarentzat erreferente edo eredu positiboa izatea da asmoa, eta batez ere, egoera zaurgarrian den ume horri akonpainamendua egitea: “Entzutea, orientatzea, harekin enpatizatzea, kritika eraikitzaileak egitea, esperientzia eta prestutasuna ematea”. Akonpainamendu horren bidez, haurraren ongizate pertsonal, emozional eta sozialean, autoestimuan eta harremanetan positiboki eragin nahi da, besteak beste.

Nolabait, “migrazio prozesua bizi duen umearen motxila arintzen” laguntzen du esperientziak, Argian egindako erreportaje honetan parte-hartzaileek kontatu zigutenez.

Gainera, onura alde bikoa dela azpimarratzen dute antolatzaileek, mentorearentzat ere ekarpena delako, bai akonpainamenduan, bai bizi-ikaspenean.

SOS Arrazakeriak antolatuta, Gipuzkoan ikasturte honetan 37 bikote osatu dira, EHU, Deustu, Nazaret, Musikene eta Easoko Politeknikoko boluntarioekin. Bizkaia eta Arabara ere zabaldu da ekimena, Ellacuria Fundazioaren eta Zehar-Errefuxiatuekin elkartearen eskutik.

“Ez duzu inor salbatu behar”

Mentoretza bidelaguntza inportantea eta aberasgarria izan arren, mentore izateko boluntario aurkezten direnei oharra egiten diete antolakuntzatik: mentoretza-harremanak ez du haurraren familia eta harreman-sarea ordezkatzen, eta haurra egoera zailen bat bizitzen ari bada eta mentoreak sentitzen badu ezin diola behar bezala lagundu, ez da zapuztu behar: “Egiten ari zarenarekin, zure aletxoa jartzen ari zara; mentoretza-harremana haurrak bizitzako une jakin batean duen laguntza-harremana da, ez duzu inor salbatu behar”.