argia.eus
INPRIMATU
Unibertsitatean sartzeko probaz urtero

Xabier Etxaniz Erle 2024ko ekainaren 06a

Urtero, garai honetan, gai bera dugu gure artean. Unibertsitatean sartzeko proba desegokia, klasista eta beste hamaika kontu. Aurten ere horretan gaude… egia da ikasleak ez direla baldintza beretan iristen, horretarako unibertsitate aurreko hezkuntza sistema aldatu beharko genuke (horretaz ez dugu hitz egiten, baina), ikasle guztiek, duten maila ekonomikoa dutela, etxeko egoera linguistikoa edo ikasitako ikastegia… guztiek baldintza berak izatea.

Egia da ere unibertsitate aurreko ikastegietan ez dela berdin ebaluatzen, ez dela berdin exijitzen eta ez dela berdin kalifikatzen. Horregatik behar da proba bat desoreka (injustizia, esango nuke nik) hori konpontzeko (edo bideratzeko). Eta, zergatik ez, neurriak hartu horren kontra (ausartuko al da gobernuren bat hori egiten?). Gakoa da nolako proba egin, zer eta nola egin hiru egunetan milaka gaztek nahi duten karrera aukera dezaten. Nola egin milaka proba horiek irizpide berberekin. Ezinezkoa delako ikasle bakoitzak nahi duen karrera egitea (eta bide batez, EHUn medikuntzan ez dira plaza gehiago eskaintzen, besteak beste, matrikulatzen diren ikasleen praktikak ziurtatu behar direlako eta ez ikasleak unibertsitate pribatura joan daitezen…). Enfin, urtero ari gara probari bueltak ematen, baina, susmoa dut, arazoaren barne muina ukitu gabe, alternatibarik ikusi gabe.

Xabier Etxaniz Erle