argia.eus
INPRIMATU
Unibertsitatea ia doan, ikasgaiak gaindituz gero
  • Berrikuntza inportantearekin hasi dute ikasturtea Andaluziako unibertsitate publikoetan: hemendik aurrera, gainditutako kredituen %99 administrazioak ordainduko ditu, ez ikasleak. Hala, ikasgai guztiak gainditu dituen ikasleak, 60 kredituko ikasturteagatik 757 euroko matrikula ordaindu beharrean 7,6 euro inguru ordainduko ditu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko irailaren 19a

Konparaziorako, EHUn 1.012 euro inguru ordaintzen ditu ikasleak 60 kredituko matrikulagatik, eta NUPen 1.152 euro inguru. Frantziako Estatuko unibertsitate publikoetan, matrikula-gastuen %80 baino gehiago gobernuak ordaintzen duenez, batez beste 184 euroren truk matrikula daitezke ikasleak.

Andaluziako Juntaren hitzetan, gainditutako kreditu bakoitzagatik kenkaria jasotzeak ikasleak motibatuko ditu, eta goi-mailako ikasketak doakotasunera hurbiltzeko modua ere izan nahi du erabakiak. Austria, Danimarka, Finlandia, Norvegia, Suedia, Eskozia, Turkia eta Txipren, adibidez, doakoa da unibertsitatea.