argia.eus
INPRIMATU
Unibertsitate publikoaren funtzioak, mahai gainean
  • Gizarte-eraldaketarako funtsa hezkuntza dela sinetsita, Euskal Herriko Unibertsitateak duen rolaz eta norabideaz gogoetatzen sei urte daramatza Unibertsitate Kritikoa Sareak. Egungo joera neoliberalen eta “atzerapen demokratikoaren” aurrean, EHUk zein funtzio bete behar duen eztabaidatzeko jardunaldiak antolatu dituzte ostegun honetan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko apirilaren 03a

“Ekitatean eta justizia sozialean oinarritutako gizarte eredua sustatzen duen hausnarketa-gune kritikoa” izatea nahi dute unibertsitatea. Hala dio Sareak, mugimendu sozialetako lagunez, gobernuz kanpoko erakundeetakoez eta EHUko irakasleez osatua. Euren hitzetan, EHUko lan akademikoak balio behar luke, esaterako, bazterkeria soziala erreproduzitzen duten mekanismoak identifikatzeko edota giza eskubideen, feminismoaren eta kulturartekotasunaren ikuspegiak txertatzeko. Euskaran, parte-hartzean eta demokrazian sakontzearen alde ere badaude.

Egungo testuingurua “aberastasuna banatzen ez duen sistema ekonomikoa, pribatizazioaren mesedetan publikoa dena murrizten duen joera, klima aldaketa, bizitza erdigunean jartzea ezinezkoa bilakatzen duen atzerapen demokratikoa…” izanik, unibertsitateak har dezakeen norabideaz kezkatuta daude, eta horri buruz eztabaidatzeko jardunaldiak deitu dituzte.

Kolektiboa eta anitza

“Ez dago kalitatea edo funtzio soziala ulertzeko modu bakarra. Askok, ikuspegi ezberdinetatik, sentitu dezakegu unibertsitatea hobetze aldera lan egiten dugula: espazio hauetan parte hartzen dugun pertsona adina ikuspegitatik”. Eztabaidarako espazio kolektibo hori sortzea beharrezko ikusten dute.

Unibertsitate konprometitua

“Giza eskubideekin konprometituta egongo den ikuspegi batetik, nahi ditugun etorkizuneko unibertsitateen ardatzak definitzen joatea” da jardunaldien asmoa. Zuzenbideko Fakultateko Paraninfoan egingo dira jardunaldiak, apirilaren 4an.