Eliteen eta unibertsitateen arteko harremana aztertu dute EHUko irakasle doktore eta katedradunek elkarlanean, Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa liburuan. Ondorio hau atera daiteke azterlan honetatik: “Hego Euskal Herriko eliteak unibertsitate pribatua erabiltzen du bere boterea erreproduzitzeko”. Adibidez, Nafarroako legebiltzarkideen %52 Opus Deiko Nafarroako Unibertsitate pribatuan ikasitakoa da, eta Gobernuko agintarien %54 ere bai.
Jon Diaz EHUko irakasleak zuzendu du Hego Euskal Herriko eliteen eta unibertsitateen arteko harremanaren ikerketa-lana, eta Ipar Hegoa eta Manu Robles-Arangiz fundazioek elkarlanean argitaratu dute. Elitist Britain 2019 dokumentuan oinarrituta osatu dute Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa liburua, sarean deskargatzeko eskuragarri dagoena.
Ondorio nabarmena atera dute: aginte eta goi karguak dituzten gehienak unibertsitate pribatuetan ikasitakoak dira. Kezka agertu du Diazek, El Salto agerkariak jaso duenez: “Beldurtu egiten zara aztertzen dituzunean sektore publikoko goi-karguen eta sektore pribatuaren arteko harremanak”.
Ikerketa taldeak azpimarratu du eliteek goi mailako lanpostuetan egiten dutela lan. Argi azaldu dute botere-harremana: “Hego Euskal Herriko eliteak unibertsitate pribatua erabiltzen du bere boterea erreproduzitzeko”. Gainera, azken zortzi urteetako joera “oso kezkagarria” dela baieztatu dute: EHUk ikasleen %7 galdu du unibertsitate pribatuen mesedetan EAEn. Bide horretan, ez dira unibertsitate pribatuekin arduratuta dauden bakarrak; Eva Ferreiro EHUko errektoreak kezka adierazi du Gasteizen eraiki nahi duten Euneiz unibertsitate pribatuaren harira. Eragile askok, halaber, unibertsitate hori elitistatzat jo dute eta proiektua geldiarazteko eskatu.
Goi karguek non ikasi dute?
Emaitzek ez dute ezer berririk azaleratu, baina espero zena berretsi dute. Esaterako, arte plastikoen sektoreko goi kargudunen %99 EHUn ikasitakoa da; unibertsitate pribatuek ez baitute arlo hori lantzen. Sektore guztiak kontuan hartuta, arreta ematen du Deustoko Unibertsitatean Hego Euskal Herriko ikasleen %12k ikasten duela eta, aitzitik, eliteko %29 dira bertan ikasitakoak. Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoan %11k ikasten du, baina elitekoak %4 soilik dira.
Opus Deiko Nafarroako Unibertsitate pribatuari dagokionez, Nafarroako legebiltzarkideen %52 bertan ikasitakoa da, eta Gobernuko agintarien %54 ere bai. El Saltok jakinarazi duenez, Diazek ohartarazi du osasun arloko goi-karguek ez dutela Medikuntza ikasi, baizik eta Zuzenbidea eta Ekonomia; gehienek zentro pribatuetan.
Gardentasun falta
EHUko irakasle doktore eta katedradunen artean burutu dute liburua. Guztira 5.500 erregistro bildu dituzte, hamar arlotan banatuta: politikoak, goi-karguak, erakunde publikoak, kultura-erakundeak, komunikabideak eta media, enpresa publikoak, enpresa pribatuak, eragin handiko emakumeak, artistak eta mundu sortzailea, eta kirola. Pertsona bakoitzaren ibilbide akademikoa “zehatz-mehatz” aztertu dute, baina zailtasunak izan dituztela aitortu dute. Gardentasun Atariaren bidez osatu dute lana, beraz, gabeziak ere baditu, pertsona askoren informazioa ezin izan dutelako lortu, gardentasun falta dela-eta.