argia.eus
INPRIMATU
Unibertsitate ikasketak debaluatu eta garestituko ditu Werten azken erabakiak
  • Unibertsitateek graduko ikasketak lau urtetik hirura murriztu eta graduondokoak urtebetetik bira luzatzeko aukerari ateak zabaldu dizkio Espainiako kongresuan PPk onartu berri duen dekretuak. Erabakiaren kontra agertu da Euskal Herriko hezkuntza komunitatea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko otsailaren 02a
Otsailaren 26an kalera ateratzera deitu dute Ikasle Abertzaleek, dekretuaren aurka.

“4+1” sistema “3+2” bihurtu ahal izatea desegoki ikusi dute bai EHU eta NUP unibertsitate publikoko errektoretzek, bai ikasleek. Duela bost urte erabaki zen 4+1 ereduaren emaitzak ebaluatu aurretik aldatzeak “nahasmen izugarria” ekarriko duela salatu dute errektoretzek.

Karrerak hiru urteko gradutara igarota, hauek balioa galduko dute: dekretuak berak dioenez “oinarrizkoak eta orokorrak” izango direnez, ondoren graduondoko master espezializatuak egitera behartuta ikusiko dute ikasle askok beren burua, lan merkatuan sartu ahal izateko.

Ikasketen garestitzea da horren ondorio zuzena, graduko ikasketak baino askoz garestiagoak baitira masterrak, eta a priori ikasleak berak egin beharko dio aurre garestitzeari, desoreka egoerak sorraraziz.

Eredu berria ezartzea unibertsitate bakoitzaren aukera izango bada ere, praktikan dirua eta lehia presio handia izango direla nabarmendu dute, desoreka handiak sortuko baitira unibertsitate batzuen eta besteen artean. “Aurrekontua osatzeko presioa kontuan hartu beharko da. Eta adibidez Zaragoza edo Errioxako unibertsitateek hiru urteko graduak eskaintzen badituzte, nola mantendu ahal izango dugu guk lau urtekoa?”, adierazi du Txus Pintor NUPeko errektoreordeak. “Azkenean, enpresek eta Espainiako Estatuak 3+2 ereduko unibertsitateak bultzatuko dituztenez, besteek baliabiderik gabe ez geratzeko eta Europako goi hezkuntza esparruan ‘lehiatu ahal izateko’ euren burua 3+2 eredua ezartzera derrigortuta ikusiko dute”, uste dute Ikasle Abertzaleek.

Ikasleak kalera irtengo dira otsailaren 26an

Otsailaren 26an kalera ateratzera deitu dute Ikasle Abertzaleek, dekretuak unibertsitate erreformari eta “EU2015 estrategiak ezarritako pribatizazio eta merkantilizaziorako bideari” erantzuten diola salatzeko. “Ikasleok gure eredu propioa eraiki eta aurrera eramaten hasi behar dugu, herritik eta herriaren mesedera dauden hezkuntza proiektuak praktikara eraman behar ditugu”, diote, eta hori aldarrikatuko dute otsailaren 26ko mobilizazioetan.