argia.eus
INPRIMATU
Unibertsitate eta formakuntza profesionaleko ikasketak euskaraz ere eskaintzeko eskatu dute Ipar Euskal Herrian
  • Goi-mailako ikasketetan, euskarazko eskaintza bakarra dago gaur egun Ipar Euskal Herrian. Egoera irauli eta goi-mailako ikasketa guztiak euskaraz ere egiteko aukera ematea aldarrikatu du Xuti Gazte! mugimenduak. Instituzioetara jo du horretarako.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 03a
Argazkia: Xuti Gazte!

Batetik, sinadura bilketa abiatu dute gazteek. Bestetik, hainbat gutun bidali dituzte: Paue eta Aturriko unibertsitateko lehendakariari eskatu diote “zuen esku dagoen guztia egiteko Ipar Euskal Herrian kokatuak diren campusetan (Baionan eta Angelun) zuen eskaintzan dauden ikasketa guztiak euskaraz ere eskaintzeko”; Pirinio Atlantikoetako Hezkuntza Nazionalaren zerbitzuen zuzendaritzari eta Baionako Ikuskaritzari eskatu diete goi-mailako formakuntza profesionalean ere euskarazko aukerak plantan emateko; eta EHUko errektoreari eskatu diote bertara ikastera joan nahi duten Ipar Euskal Herriko ikasleentzako sarbide-ibilbide berezia sor dezala, ikasle atzerritarren zakuan sartu ordez. Izan ere, ibilbide burokratiko neketsu eta konplexua egin behar izaten dute Iparraldetik Hegoaldera ikasketak egitera joan nahi duten gazteek.

Gazte mugimenduak gogoratu du etengabe hazten ari dela lizeoan diren ikasle euskaldunen kopurua, “16-24 urteko 5.000 gazte euskaldun inguru gara, baina lizentzia bakarra eskaintzen du euskaraz PAHU unibertsitateak”. Gaur egun, Euskal Ikasketak literatura eta hizkuntza karrera da Ipar Euskal Herrian euskaraz egin daitekeen goi-mailako ibilbide bakarra, Baionan.

Martxoan aurkeztu zuen bere burua Xuti Gazte! mugimenduak, “inoiz baino gazte ezkertiar eta abertzale gehiago herriaren alde lanean jartzeko momentua" dela nabarmenduz.