argia.eus
INPRIMATU
Seaskak UNESCOn bere egoera salatu ondoren Frantziari helegitea jartzea aztertuko du
  • Seaska eta Eskolim elkarteko presidente Paxkal Indok UNESCOren 37. konferentzia nagusian parte hartu du, Seaskako zuzendari Hur Gorostiaga eta Okzitanierazko Ikerketa Institutuko kide Alexis Quentinekin batera. Frantziak lurralde hizkuntzen irakaskuntza oztopatzen duela salatu dute bertan.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 07a
Seaskako Paxkal Indo eta Hur Gorostiaga UNESCOko egoitzan Parisen. (Argazkia: Seaska)

Paxkal Indok Hizkuntzen Berdintasunaren Aldeko Europar Sarearen izenean hitz egin du eta "Frantziak hizkuntza gutxituen aldeko hainbat Karta sinatu ditu baina ez ditu aplikatzen" jakinarazi die bilkurara bertaratutako ordezkariei.

Lau minutu eskas izan ditu Frantziako hizkuntza gutxituen egoera azaltzeko; eta Hendaiako eta Beskoitzeko ikastolen kasuak ezin izan ditu aipatu.

Hitz hartzean Frantziaren “bi aurpegiak” salatu ditu bereziki. Izan ere, Indok jakinarazi duenez “haurren eskubideak bermatzen dituzten nazioarteko itun ugari izenpetzen ditu Frantziak, baina gero ez ditu indarrean jartzen”. Frantziak behin eta berriz sinatu dituen nazioarteko itunek aitortzen dute haurrek haien ama hizkuntzan ikasteko eskubidea dutela. Baina Frantziak haren lurraldean gutxiengorik ez balego bezala jokatzen du; eta hortaz, izenpetutakoak ez ditu betetzen.

Seaskaren ekarpena entzun ondotik, Italiako ordezkari batek Frantziari helegitea jartzeko aukera dagoela jakinarazi du. Hori jakinik, helegitea ezartzeko bidea aztertuko duela esan du Seaskak.

Konferentzia nagusiaren baitan Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko kideek mundu osoko erakunde anitzetako ordezkariekin ikuspegiak trukatu eta sarea osatzeko parada izan dute. UNESCOrekin elkarlana hasi nahi duela jakinarazi du Seaskak eta jada jarri dira teknikariekin eta Gobernuz Kanpoko Erakundeentzako bulego berezi batekin harremanetan.

Herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko deia

Hizkuntza gutxituek jasaten dituzten urraketen ildotik, datorren asteetarako mobilizazioak iragarri dituzte Ipar Euskal Herrian.

Euskara bere aldarrietako bat duen Batera plataformak manifestazioa antolatu du Maulen azaroaren 30erako arratseko 15:00etan abiatuta. Seaskak bertaratzeko deialdia egin die herritarrei "Bateraren manifestaldia, Seaskaren manifestaldia" delako.

Hurrengo hilean, Abenduaren 28an, Seaskak berak deitu du aldarrikapen martxa.