argia.eus
INPRIMATU
Unamunok ideia arrazistak euskararekiko

Pako Sudupe 2020ko uztailaren 04a

Nondik atera zituen Unamunok 1901ean bere jaioterri Bilbon ospatutako Lore Jokoetan egindako hitzaldian adierazitako ideiak? Hots, euskarak ez duela balio mundu modernoan, euskaraz mintzo den Bilbo inkongruentea eta zentzugabea dela, euskarak ezin duela euskotarron espiritu zabal-irekia den bezalakoa aditzera eman, euskotarron arima murriztua dagoela euskara ezdeus delako bizitza modernorako eta alde batera utzi beharra dagoela aurrera egiteko, euskara lehenbailehen hiltzea dela hoberena eta berehala hil dadin lagundu behar diogula. Euskal Herriak Gaztela eta Espainia eta Amerika euskotartu behar zituen, bere espirituz blaitu eta ernaldu baina, jakina, gaztelaniaz. Eskandalu izugarria izan zen Bilbon, eta Euskal Herri osoan. Nondik atera zituen ideia horiek, bada?

Erantzunak Joxe Azurmendiren azken liburuan ditugu: Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. XIX. mendeko Renanengandik Unamunorenganaino idazle eta naturalista kate bat dago: A. Hovelacque, etab., batez ere J. Vinson dago, norengandik hartu zituen Unamunok euskaldunontzat tristeki famatu egin zuten ideiak, zeinak XX. mende osoan hainbat euskal idazle gaitziturik euskararen defentsa teoriko-praktikoa egitera eraman zituen: Arana Goiri, Orixe, Lizardi, Lauaxeta, Zaitegi, Ibinagabeitia, Salbatore Mitxelena, Koldo Mitxelena, Martin Ugalde, eta Gabriel Aresti bera Unamunorekin borrokan ibili dira harrezkero.

"Unamunoren ideiek euskararen ezdeusaz eta baztertu beharraz itzal luzea izan dute, eta egun ere badute. Ondo dago jakitea arrazismo mota baten oinordeko direla, eta horren aurka ari garela euskararen defentsa teorikoan eta praktikoan dihardugunean!"

Renanek zioen indoeuropar ez ziren mintzairak eta arrazak primitiboak eta ezdeusak zirela, arrazoiz espirituaren historiatik baztertuak eta “historia gabekoak”. Ez boteretsuagoek, armaz josiagoek baztertuak eta eurenak inposatzearen ondorioz baztertuak, baizik eta berez, ezdeusak zirelako, garapenerako balio ez zutelako zokoratuak. Euskara ere ez da indoeuroparra, beraz, primitiboa eta ezdeusa da bizitza modernoa aditzera emateko. Eta –kontu egin horri!–, ez da gauza bere baitatik garatzeko, ez eta kanpotik ezerk gararazteko ere. Zimeltzea eta hiltzea da bere patua.

Vinsonengana etorririk (1843-1926), haren iritzian Euskal Herria guztiz primitiboa da (adiera negatiboan), zibilizazio propiorik gabea, alboan beti herri aurreratuagoak izan dituena, eta kultura aldetik erabat zordun espainiar eta gaskoi-frantsesen alderako. Hiztegia guztiz pobrea du, ideia abstraktuak adierazteko ezgauza: gaskoi, frantses, espainol, eta latin hizkuntzari mailegaturiko hitzak kenduz gero, zibilizazio aurreratuen zantzurik ez du batere ageri.

Arraza indoeuroparrekin izandako harremanei esker heldu gara euskaraz mintzatzen garenok bizitza historikoa izatera, eta euskarak ez du inongo interes praktikorik, ez du balio kulturalik ez eta baliagarritasun publikorik batere. Euskaldunak dira: “un peuple illettré qui ne peut se mettre au niveau de ses voisins qu´en oubliant son antique langage”. Euskara ahazturik baino ezin auzo herrien pare jarri alegia. Eta euskal foru, folklore, elezahar, mitologia eta historiak ere ez dute deus originalik. Hizkuntza bakarrik dugu originala, eta hori laster desagertzekoa edo desagerraraztekoa.

Horregatik guztiagatik, euskara lehenbailehen sakon ikertzea komeni zen, hil baino lehen, zeren aldameneko hizkuntzak askoz indartsuagoak izateaz gainera, euskarak berak bere baitan ez zuen bizi indarrik bizirik irauteko eta horregatik, euskararen heriotza deitoratzeko baino gehiago zen pozik egotekoa, aurrerapenak eta zibilizazioak irabazten baitzuten horrela.

Irakurle ohartua honezkero argiro jabetu da Unamunok non edan zuen eta non elikatu zen Bilbon, bere jaioterrian, 1901ean egin zuen hitzaldian esandako gauzak esateko. Gorago esan bezala, ideia arrazistetan, nahiz eta bera, bestela, arrazista biologikoa ez izan.

Delako eskola naturalista horrek uste zuen ezen hizkuntza eta arraza konbinatuz, hots, linguistika eta biologia ebolutiboa lotuz, azkenean oinarri eta metodo sendoetan landatu zuela linguistika, Unamuno gaztea liluratu zuen zientzia paristarra, baina hizkuntzalaritzak berehala ahaztu zuen eskola hori.

Harrigarria edo lotsagarria dena da Unamunoren diskurtso arrazistarekin Bilboko burges liberalak entusiasmatu eta harropoztu izana, eta gero ideia horiek Espainiako intelektualen eta kazetarien artean guztiz zabaltzea (Ortega y Gasset, etab.). Unamunoren ideiek euskararen ezdeusaz eta baztertu beharraz itzal luzea izan dute, eta egun ere badute. Ondo dago jakitea arrazismo mota baten oinordeko direla, eta horren aurka ari garela euskararen defentsa teorikoan eta praktikoan dihardugunean!