argia.eus
INPRIMATU
Rementeriak ez du esan nahi izan zenbat pertsona hil diren Bizkaiko zaharren egoitzetan
  • Asteartean prentsaurrekoa eskaini du Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. Kazetarien galderen aurrean, Bizkaiko Foru Aldundia zaharren egoitzetan hiltzen ari den pertsona kopuruaren berri ematen ari dela adierazi arren, ez du daturik luzatu.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 08a
(Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

Bizkaiko Foru Aldundia koronabirusaren pandemia osteko agertokian lanean hasia dela iragarri zuen Unai Rementeriak asteartean egindako prentsaurrekoan. Koronabirusak eragindako krisitik ateratzeko, eta ekonomiaren aktibazioa xede, Bizkaia Aurrera! plana garatzen ari direla azaldu zuen. Horren berri ematearekin batera, orainaldian ere lanean ari direla gehitu zuen, urgentziazkoa hori dela adieraziz. “Guretzako zerbitzu sozialek jarraitzen dute urgenteena izaten, zaharren egoitzak bereziki; Bizkaiko adinekoak dira krisi honetan zaurgarrienak, eta gure erabateko lehentasuna”, azpimarratu zuen.

Kazetarien galderei bide ematean, zaharren egoitzen gaiari heldu zion Onda Cero irratiko kazetari batek. Zaharren egoitzetako heriotzen bueltan Bizkaiko Foru Aldundiaren partetik informazio falta dagoela diotenen aurrean zer duen esateko galdegin zion Rementeriari.

“Diputazio gisa informatu beharreko alor guztietako informazioa luzatzen ari garela ziurtatu diezazuket”, erantzun zion Rementeriak, gehituz 48 orduro ematen dutela zaharren egoitzetan jazotako kasu positiboen kopurua.

Adierazi zuen Bizkaiko Foru Aldundia hasieratik ari dela egoitzetan hildako pertsonen kopurua osasun sailari eta EAEko fiskaltzari jakinarazten. “Hala, bada, zenbaki horiek gardentasun osoz ari gara ematen, eman behar ditugun tokian”, azpimarratu zuen, kazetariei zaharren egoitzetan hildakoen zenbakia luzatu gabe.

Informazio ezkutatzearren salaketa

Apirila hasieran, Balmasedako Las Laceras zaharren egoitzan koronabirusaren ondorioz jazotako hildakoen eta kutsatuen kopurua ezagutzearekin batera, Bizkaiko EH Bilduk salatu zuen Foru Aldundia adinekoen egoitzetan ematen ari diren heriotzen zenbatekoa ezkutatzen ari dela. Alderdi abertzaleak adierazi zuenez, egoitzetan gertatzen ari denaren berri izateko, udalerrietako iturrietara jotzen ari dira. Oso larritzat jo zuen informazio hori instituzioen bidez ez jasotzea.