Sei hilabete igaro dira Rementeriak Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusi kargua utzi zuenetik. Hainbat alderdi politikok izendapena kritikatu dute.
Elkarkidetzako presidente izendatu dute Bizkaiko ahaldun nagusi izandako Unai Rementeria, kargua utzi eta sei hilabetera. Elkarkidetza udal eta foru langile publikoentzako pentsio planen kudeaketaz arduratzen den erakundea da, eta Bizkaiko diputazioak iragan urrian proposatu zuen Rementeria kargurako, Karmelo Saiz de la Mazaren ordez.
Elkarkidetzako presidentea lau urterako izendatzen da, eta jarraitzeko aukera dago. Erakundeak udal eta foru funtzionarioen pentsio funtsak kudeatzen ditu. Bertan ordezkaritza daukate hiru foru-aldundiek, Eudelek (euskal udalen elkartea), Bilbo eta Bizkaiko Ur Partzuergoak eta sindikatuek.
Rementeriaren soldataren inguruan galdetu zuen EH Bilduk Batzar Nagusian, baina ez zuen erantzunik jaso. Antza denez, erakundearen estatutuetan ez da zehazten kideen ordainsaria. Hala ere, ElDiario.es-ek jakinarazi duenez, Rementeriaren soldata 100.000 euro ingurukoa izan daiteke, egindako kalkuluen arabera.
Alderdi politikoen kritikak
Zenbait alderdi politikok, hala nola EH Bilduk adierazi du Elkarkidetza bezalako erakundeak “zuzendari tekniko eta profesionalek” zuzendu behar dituztela, ez figura politikoek.
Bestalde, Elkarrekin alderdiko Batzar Nagusiko bozeramaile Eneritz Madariagak nabarmendu du “oso zalantzagarria” dela Rementeriaren izendapena: “Kontuan hartu behar da azaroaren 21eko 5/2018 Foru Arauak, Interes Gatazkari eta Bateraezintasunei buruzkoak, bi urteko epea ezartzen duela kargua utzi eta gero zerbitzu bat eman ahal izateko, edo bere menpe zegoen enpresa edo sozietate pribatuekin lan-harremana izateko. Ez dira bi urte igaro, eta gainera, Elkarkidetzaren eta ahaldun nagusi ohiaren arteko harremanak nabariak dira".