argia.eus
INPRIMATU
Unai Etxebarriaren aldeko elkarretaratzea egin dute Algortan
  • Ehunka lagun bildu dira igandean Algortan Etxebarriari babesa adierazteko, Altsasuko gazteen aldeko kamiseta eramateagatik Granada C.F. futbol taldetik kanporatua izan ostean.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 31
Algortako elkarretaratzea. Argazkia: @guerebai

Ehunka lagun bildu dira igande honetan Algortan Unai Etxebarria atezaina babesteko, Gu Ere Bai euskal selekzioen ofizialtasuna eskatzen duen elkarteak deituta.

Aste honetan bertan Granadak berak jakinarazi duenez, euskal atezaina ez da gehiago arituko taldean. Altsasuko gazteen kamisetaren harira piztutako polemikarekin lotutako erabakia izan dela aitortu dute.

Igande honetako elkarretaratzean, hain zuzen ere, gertakaria salatu eta “adierazpen askatasuna” aldarrikatu dute. Lagun ugarik sare sozialen bidez ere babesa helarazi diote Etxebarriari. Jokalaria esker oneko azaldu da Algortako deialdira joan diren guztiekin.

Auzia Espainiako Kongresura

EAJk gaia Espainiako Diputatuen Kongresuan aurkeztea erabaki du, izan ere, zalantzak ditu Etxebarria ez ote duten “arrazoi ideologikoengatik diskriminatu”. Hori hala izatekotan, “eskubideen urraketa” kasu baten aurrean leudekeela argudiatu du, eta Espainiako Gobernuak zenbait galderari erantzun beharko diela. Lehenik eta behin, kaleratzeak lan legedia errespetatzen duen galdetu dute. Bigarrenik, halako gertakariek lan ikuskaritzaren arretarik merezi duten jakin nahi du EAJk. Azkenik, urraketa egotekotan, “ea onartzen duen” galdetu dio Espainiako Gobernuari.