Umorez erantzun dute Hontzak konpartsako kideek astelehenean beren txosnako dekorazioa kendu izana. Agindu judizial baten ondorioz erretiratu du Ertzaintzak txosnan zeukaten “Vatikanoko Harategiak” instalazioa, “sentimendu erlijiosoak mintzen” dituelakoan.
Konpartsaren helburua, azaldu dutenez, “desobedientzia zibil eta adierazpen askatasunaren ariketa praktiko bat egitea izan da, Espainiako Zigor Kodearen parte den 'sentimendu erlijiosoen aurkako delitu' delakoaren kontra”.
“Ez dugu ulertzen inor mindu daitekeenik honegatik, hala bada, oso minduak sentitzen gara eta mintzeari utz diezagutela exijitzen dugu”, dio konpartsa anarkistak kaleratu duen oharrak. “33 urteko mutiko baten haragia jan eta odola edaten den erritual magiko kanibal bat eszenifikatzeko performanceak egiten dituzten pertsonek ulertuko dute batzuei oso barregarria egiten zaigula. Horren barregarria, ez genuela uste serio egiten ari zirenik”.
Kristoren haragia saltzen den harategia zen konpartsaren dekorazioa, eta hasieratik haren aurka agertu ziren PP eta EAJ, baina konpartsako kideek ez zuten uste gaia horren urruti iritsiko zenik; umoreari jartzen zaizkion mugak salatu dituzte.
Antzeko ildoan Bilboko EH Bilduk eta Bilboko konpartsek, babesa adierazi diete Hontzakeko kideei eta adierazpen askatasuna eskatu dute. Konpartsa gehienenen txosnetan elkartasunezko kartelak jarri dituzte.