Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko epaiketaren azken aurreko egunean, behin betiko ondorioak eta eskaerak aurkeztu dituzte alde guztiek. Hasierako eskaerari eutsi dio fiskalak: ez du deliturik ikusten eta absoluzioa eskatu du akusatuentzat. Minduta, haserre, malko artean atera dira saiotik Fina Lizeranzu eta Manu Cabacas. “Gure semea hilerrian dago eta fiskalak ez du horretan delitu aztarnarik ikusten?”.
Akusazioak ere hasierako planteamenduari eutsi dio: launa urteko kartzela zigorra eta beste sei urteko inhabilitazioa eskatu du akusatuentzat.
Azken aurreko saioan, 2012ko apirilaren 5ean ertzainek erabili zituzten bala, eskopeta eta gomazko pilotak aztertu dituzten Espainiako poliziek deklaratu dute. Urriaren 15ean epaiketa abiatu zenetik, bertsio kontrajarriak, adosturiko testigantzak eta goi karguen zigorgabetasuna izan dira protagonistetako batzuk. Horiez, eta azken txanpa honetan antolatu dituzten mobilizazioez analisia egin du Amaia Lekunberrik.