argia.eus
INPRIMATU
Umeentzako COVID-19 txertoa eta beste neurri batzuk
  • Bi egile hauek medikuak dira eta zera adierazi dute: "Bizi dugun pandemia honetan hartzen ari diren erabaki askok eztabaida garden, aske eta sakonen beharra dutela uste dugu. COVID-19aren aurkako umeen txertaketak, kasu. Gai honi gutxienez debatea zor diogu. Hasteko, aipatu nahi genituzke argitaratutako hainbat lan edota adierazpen: SIAPek, edo REAPek egindakoak, besteak beste".

Isabel Canales Arrasate Virginia Canales Arrasate 2021eko abenduaren 14a

SARS-Cov2ak umeengan eragiten duen gaixotasuna, orokorrean, arina eta denboran mugatua da, askotan  asintomatikoa. Gure inguruan (Europan) umeei (orain arte 12 urtetik gorakoei) ematen zaizkien COVID-19aren kontrako txertoak seguruak direla esan dute momentuz txerto hauei larrialdi egoeran erabiltzeko baimena eman dieten agentzia erregulatzaileek. Une honetan, baina, ez dakigu zein den txerto hauen epe ertain eta luzerako segurtasuna. Denbora eta kalitatezko erregistroak behar ditugu ezagutzeko txerto hauek eragin ditzaketen albo-ondorio posibleak zeintzuk izan daitezkeen eta hauek etorkizunean ekar lezaketena. Txerto hauen eraginez populazio gaztean ikusi den miokarditis/perikarditis kasuen igoera da honen adibideetako bat. Nahiz eta suertatu diren kasu gehienak arinak eta ez-oso ohikoak izan (infranotifikazioa orokorrean daukagun arazoetako bat dela ahaztu barik), etorkizunari begira honek ekar litzakeen balizko ondorioak kontuan hartzeko azpimarratu zuen, besteak beste, Britainia Handiko Txertaketa eta Immunizazio Batzordeak (JCVI), irailean egindako adierazpenean.

Bestalde, talde immunitatea lortzeko umeak txertatzeko argudioak, zer oinarri zientifiko eta etiko dauka? Gaur egungo COVID-19aren aurkako txertoek, zoritxarrez ez dute birusaren transmisioa behar bezala ekiditen, zabal argitara eman den bezala. Birusaren transmisio honetan umeek pandemia hasieratik izan duten rola helduenarena baino txikiagoa izan da, ikerketek adierazten duten legez. Eta ume kopuru nabarmen batek gaixotasuna pasatuta dauka honezkero, herri askotako estimazioek dioten bezala. Umeen seroprebalentzia ikerketa bat behar dugu (horri buruzko Juan Simóren testua ezinbestekoa da). Eta horrekin batera immunitate zelularra ikertuko duena ere bai.

COVID-19arekiko umeek daukaten benetako egoera immunitarioa ezagutzea oinarrizkoa baita, txertatzearen egokitasunaren gaineko eztabaidan.

Britainia Handiko 4 eta 11 urte arteko umeen lagin batean seronegatiboen %60k (antigorputzen testetan negatibo eman dutenen %60k) immunitate zelular indartsua zeukala azpimarratzen da (JCVIren 32. aktan).

Hau da, gaixotasuna eduki ostean nahiz eta antigorputzak une hartan negatiboak izan, bazeukatela gaixotasuna pasatu izanaren seinalea eta garrantzitsuena dena, gaixotasunari aurre egiteko immunitatea. Dana ez da immunitate humorala, SARS-Cov2ari aurre egiteko ere badago immunitate zelularra.

Norvegiak ez die gaixotasuna pasatu duten 12-15 urte bitarteko umeei txertoa eskaintzen.

Azaroaren  25ean, Medikamentuen Europako Agentziak (EMA) Comirnaty txertoa 5 eta 11 urte arteko umeei ere emateko larrialdietarako baimena onartu zuen. Finlandiak, momentuz, adin talde horretako arrisku faktoreak dauzkaten umeei edota immunodeprimituekin bizi diren umeei soilik eskainiko die: adin tarte horretako gainontzeko umeen txertaketa aholkatzeko, segurtasunari buruzko informazio gehiago behar dutela adierazi dute.

Norvegian ere, 5-11 urte arteko umeen kasuan, Covid19 txertoa arrisku faktoreak dauzkatenei baino ez zaie eskainiko, momentuz.

Umeei COVID-19aren aurkako txertoa ematean, balizko arrisku bati atea zabaltzen egon ahalko ginateke, argi konpentsatu gabeko arrisku bati. Etikoki, umeen txertaketaren erabakia adineko taldean izango lukeen abantailan (horrela denik ematen ez badu ere) oinarritzeak, gutxienez  eztabaida garrantzitsua piztu beharko luke.

Pandemia honetan zehar gehiegitan entzun dugu haurrak hiperkutsatzaileak zirela. Hasieran honelako baieztapenek oinarri zientifikorik ez bazuten, gaur egun ebidentzia zientifiko guztien kontra doaz. Une honetan, gure inguruan, umeak  dira intzidentzian lider, baina, positibotasunean, aldiz, kontrakoa. Proportzionalki, umeei gainontzeko adin tarteei baino froga edo test gehiago egiten ari gara? Datu horiek jakitea ere ezinbestekoa da. Umeen (0-19 urte) positibotasuna, orokorra baino askoz baxuagoa da. Ez lirateke umeak birusaren “gordailua”, ezta birusa nagusiki zabaltzen ari direnak ere, Simók idatzitako Los niños lideran la incidencia pero no la positividad, ¿a nadie le inquieta esto? testuan irakur daitekeen bezala.

Umeen berezko beharrak ez dira kontuan hartu izan pandemia honetan erabakiak hartzeko momentuan. Adin txikikoei, entzun barik, gauzak azaldu egin dizkiegu. Zer sentitzen zuten galdetu barik, gure ikuspuntuak, helduok egindako arauak, askotan ebidentziarik gabekoak, helarazi eta inposatu egin dizkiegu. Eta ezarri izan dizkiegun murrizketa horiek guztiek, antza, eragin latza eduki ahal izan dute eta izaten ari dira haien osasun mentalean ez ezik, osasun fisiko, pobrezia tasa eta alor akademikoan erehttps://www.unicef.es/impacto-covid19-infancia, besteak beste.

Hemendik aurrera, umeen inguruan hartzen jarraituko ditugun neurriak, zientzia onenean oinarrituta, eta haurtzaroaren berezitasun eta beharretara egokituta egon beharko lirateke. Haurren osasunak proiekzio luzea dauka, denbora aldetik bakarrik (ez) bada ere. Ez genieke umeei ekidin nahi diegun kaltea baino handiagoa eragin beharko. SARS-Cov2 birusa pasatu ostean garatzen duten immunitate naturalak ere izango du seguraski helduaroan garrantzia, bestelako koronabirusek haurtzaroan eragindako infekzioak eduki eta gero birusarengandik defendatzeko sortutako immunitateak daukan garrantziaren parekoa. Izan  ere, helduaroan birus berberak kutsatuz gero larritasunetik defendatzeko  ezinbestekoa baita haurtzaroan garatutako immunitate natural hori. Primum non nocere.