argia.eus
INPRIMATU
“Umeek gero eta zailagoa dute aire zabalean jolastea, eta horretara animatu nahi ditugu”
  • Aire zabalean askatasunez jolastearen onurak modu dibertigarrian islatzea, Yoko eta lagunak filmaren helburua. Azaroaren 13an estreinatuko dute zine-aretoetan Juanjo Elordik eta Rishat Gilmetdinov errusiarrak zuzenduriko animazio-lana.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko azaroaren 09a

Hirietan bizi gara gero eta gehiago, eta horrek ondorioak ditu umeengan: helduon beldurrek, segurtasunaren izenean leku itxietan aritu beharrak, joko bideratuek… ez diete haurrei uzten libreki aritzen, baina horretara animatu nahi dituztela adierazi digu Juanjo Elordik.

“Umeek behar-beharrezkoa dute askatasunez (eta seguru) jolasteko aukera emango dien ingurune bat, beraien garapen emozional, sozial eta fisikoa bideratzeko. Umeek beraien kasa jolasten direnean sortzen dituzten ingurune magikoek erraztu egiten dute beste umeekin eta naturarekin harremanak izatea, edo beraien ametsak, beldurrak eta gurariak bideratzea”, diote egileek.

4-8 urteko umeei zuzendutako pelikula da Yoko eta lagunak. Vik eta gurasoak hiriz aldatu dira. Lotsatia da Vik, baina lagun berriak berehala egin ditu: Mai eta Oto. Hiruren artean, jolas eta abentura ugari biziko dituzte, izaki magiko baten laguntzaz: Yoko.

Pelikulatik harago doan proiektua

Oinarri beretik abiatuta, bi ipuin-liburu dituzte kalean: Gaztelu miragarriaren zaindaria eta Ilargirako suziria. Ondoren Yoko eta lagunak pelikula etorri da, eta hirugarren urratsa abiatu dute dagoeneko: hurrengo urteko negurako, telesaila egina nahi lukete, beti ere modu askean fantasia eta sormena lantzea, esploratzea eta haurrak era naturalean garatzea aldarri.