6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea daramate hainbat herritarrek. Udal gobernuak, baina, ez du jarrera aldatzeko asmorik.
“Irakurzaletasuna txikitatik sustatzea Debako liburutegiaren lehentasun nagusietako bat da”, esana du Debako Udalak, baina bertako debekuek ez dute halakorik islatzen. Liburutegiak nekez transmitituko die irakurzaletasuna, baztertu egiten baditu. 2 urtetik beherako umeak ezin dira liburutegian egon; eta beraz, umea besoetan, motxilan edo karroan duen erabiltzaile heldua ere ezin da liburutegian egon. 2-6 urte bitarteko haurrek 16:30etik 17:30era ez bada, gainerako ordu guztietan galarazita dute liburutegirako sarbidea, eta, ondorioz, sarri adin ezberdineko senide eta lagunak ere ezin dira batera egon liburutegian. Pentsa, 15 urte bete arte goizez ezin dute liburutegian egon (7-9 urte artekoek 16:30etik 19:00etara dute baimendua liburutegia, 10-15 urtekoek 16:30etik 19:45era).
Zer dio udal gobernuak?
“Edozein adinetako umeak edozein ordutegian liburutegira joateak lortu nahi den giro lasaia eragotzi eta beste erabiltzaile batzuen beharrak asetzea oztopatuko luke”, uste du Debako udal gobernuak. Baina zein ikuspegi dute umeen inguruan? Eta nola irakatsi belaunaldi (eta behar) ugariren arteko elkarbizitza eta errespetua, gainerakoekin elkartzea eragozten bazaie? Gainera, irizpideak ez al luke izan behar liburuak eta liburutegia gaizki erabiltzen ari denari arreta deitzea, adinkeriaz jokatu ordez? Are ulergaitzagoak dira Debako Ostolaza udal liburutegiko neurriak, jakinda haur liburutegia duela, liburutegi orokorraren barruan kristalez bereizita eta ate propioarekin. Eta gainera, haur liburutegiak propio liburuzaina duela, egun osoko jardunarekin, nahiz eta goizez ezin duten haurrek liburutegian egon.
Baina zein ikuspegi dute umeen inguruan? Eta nola irakatsi belaunaldi (eta behar) ezberdinen arteko elkarbizitza eta errespetua, gainerakoekin elkartzea eragozten bazaie?
Alazne Txurruka Debako alkatea umeen liburutegiko liburuzaina izan da urtetan, “eta kasua modu oso pertsonalean hartu du; ez du inongo asmorik aldatzeko, esanaz orain arte horrela izan dela, horrela egin dutela lan... EAJko alderdikideek babestu egiten dute eta gehiengoa dute udalean”, kontatu digu Liburutegia Denontzat ekimeneko kide batek. Debeku horiek guztiak salatzen eta aldatzeko presio egiten pare bat urte daramatza Liburutegia Denontzat herritar taldeak.
Zer gehiago ezin duzun egin Debako liburutegian, haurra bazara
Nabarmena da haurrenganako bazterkeria. Helduak goiz eta arratsalde erabili dezake liburutegia, beste liburutegi batetik ekar diezaiokete behar duen liburua, eta “marrazki bat egiten, gurutzegrama bat osatzen, bideo bat ikusten, musika entzuten, irakurtzen… aritu daiteke, baina umeei ez zaie uzten margotzen, ezin dute margorik erabili ('liburutegiaz ari baikara eta ez ludotekaz', argudiatzen dute udal gobernutik), umeen libururik ere ezin da eskatu beste liburutegi batetik, zein zentzu du horrek? Urte guztian, gainera, ez da ezertxo ere antolatzen haientzat, ez ipuin kontaketarik, ez liburu aurkezpenik, ez tailerrik”, kritikatu du Liburutegia Denontzat-eko kideak. Izan ere, ordutegi diskriminatzailea ezabatzeko eskatzeaz gain, mailegutzatik harago doan liburutegi biziaren alde ere borrokatzen du taldeak: “Hilik dago”.
"Umeei ez zaie uzten margotzen, umeen libururik ere ezin da eskatu beste liburutegi batetik, eta urte guztian ez da ezertxo ere antolatzen haientzat, ez ipuin kontaketarik, ez liburu aurkezpenik, ez tailerrik"
Sinadurak, batzarrak, testigantza bilketa…
Sortu zenetik, Liburutegia Denontzat ekimena ez da geldirik egon. Udalarekin eta liburuzainekin bildu dira (“gaur egun umeen liburuzain dagoenak gurekin bat egiten du, baina liburutegiko teknikaria aldaketetara guztiz itxita dago”); 500 sinadura bildu dituzte herrian, diskriminazioa akabatzeko eskatuz; haur guztiak aintzat hartzen dituen “kale liburutegia” antolatu izan dute egun jakinetan; egoera salatzen duten erabiltzaileen testigantzak biltzen hasi dira… baina udal gobernuak ez du mugimendurik egin, eta joan den urte amaierako Herritartasun Batzordean egungo egoera aldatzearen aurka bozkatu zuten. Herritarrek Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzura jo dute, Debako liburutegia sarean baitago, baina momentuz ez dute erantzunik jaso. Aplikatzen diren neurriak liburutegiko araudiak jasotzen ez dituela-eta, desobedientzia ere planteatu du herritar talde honek, umeak edozein ordutan liburutegiaz gozatzeko aukera izan dezaten.
“Liburutegia beharrezkoa den zerbitzua da, baina ez premiazkoa” dio Herritartasun Batzordeko aktak, debekuak justifikatzeko arrazoien artean.