argia.eus
INPRIMATU
Umeak gogorrak direla eta ez dutela kalera atera behar diote Espainiako Gobernuko aholkulariek
  • Espainiako Pediatria Elkarteko (AEP) presidente Maria Jose Melladok haurrak etxetik ez ateratzea jarrera egokia dela adierazi du, agintariek Covid-19ko pandemia geldiarazteko konfinamenduari eusten dioten bitartean. Elkarte hori da gaiari buruz Espainiako Gobernuak duen aholkulari nagusietako bat, berriki Osasun Ministerioak AEPri txosten bat egitea eskatu dio, umeak eta nerabeak aire zabalera ateratzeko baldintzak azter ditzaten.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 14a
Argazkia: Redaccionmedica.com

Europa Pressi egindako adierazpenetan, Espainiako Gobernuaren jarrera babestu du Espainiako pediatren elkarteko buruak: umeek, gainerako herritar guztien antzera, etxean egon behar dute. Helduok haurrak babestu behar ditugula dio, "haurrek ez dakite ea lagunak kutsatuta dauden eta horrela elkarren artean infektatu daitezke, baita babes neurririk gabe haurrekin harremanak dituzten helduak ere".

Konfinamenduak haurrei nola eragiten dien galdetuta, pediatrak esan du "gogorrak" direla umeak, eta "arazo eta traba horiek guztiak saihesteko gai" direla. Etxean jarduera fisikoren bat antolatzea da Meladoren aholkua, gihar-masari eusteko. "Konfinamenduan haurren gihar-masan ez du ia eraginik izango, sei edo zortzi asteko kontua da, baina haurra pixka bat mugitzen bada eta zentzuz jaten badu, ez du eragin negatiborik izango".

AEP Espainiako Gobernuaren aholkulari

Osasun Ministerioak AEPri eskatu dio lan talde bat sortzeko, haurrak deskonfinatzeko baldintzak azter ditzan. Txosten bat sortzen ari dira, "haurren ongizatea bermatzeaz gain, kontuan hartu behar delako gaixotasunaren transmisore handiak direla umeak, eta beti heldu batek lagunduta egon behar dutela', dio AEP elkarteak. Dokumentu horretan zehaztuko da zein haurrek, eta zein arrazoirengatik, izan behar duten lehentasuna irteeran, baita nola egin behar duten ere, "haientzat edo gizarte osoarentzat arriskurik eragin gabe".

"Neurri hauek ez dakit noiztik aurrera gauzatuko diren, hilaren 26tik aurrera, 28an edo are aurrerago", azaldu du SER irratian AEPko presidente Maria Jose Melladok.