argia.eus
INPRIMATU
Umeak ezin dituztela D ereduan matrikulatu salatu dute Murgian
  • Murgiako hainbat gurasok jakinarazi dutenez, ezin dituzte seme-alabak D ereduan matrikulatu. Araban egon arren, euskaraz soilik ikasi ahal izateko zazpi kilometrotara dagoen Izarrara joan behar dute. Egoera salatu dute eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak biltzeko eskatu die Arartekoari eta Jaurlaritzari.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko maiatzaren 21a

Plazaratu duten bideoan gurasoek azpimarratzen dute “ulergaitza” dela Murgian D eredua ez eskaintzea. Izan ere, azaltzen dutenez, 40 bat haur joaten dira egunero Izarrara ikastera, eta beste batzuk Gasteizera.

Murgiako gurasoek bi aukera dituzte: Batetik, eredu elebidunean matrikulatu, eedo egunero autobusa hartuz Izarrara joatea.

Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik gogora ekarri du Anjeles Iztueta sailburu zen garaian egindako hizkuntz azterketa. Bertan frogatu zen D ereduan ikasten duten haurrek euskara emaitza hobeagoak ateratzen dituztela B eredukoek baino, eta hura dela hizkuntza menperatzeko aukerarik onena.

Konponbidea bilatu nahian, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, Arartekoarekin eta beste hainbat eragilerekin bilduko dira. Legebiltzarrean kasua azaltzea ere ez dute baztertu.

Beste herriren batean D ereduan matrikulatzeko zailtasunik balego, Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin harremanetan jartzeko eskatu du Petriatik.

Norberaren herrian eskubide osoz from Duintasun bideak on Vimeo.