argia.eus
INPRIMATU
Ume bat galdu dugu!

Luix Artola 2024ko martxoaren 15

“Ume bat galdu dugu!”. Horixe esango diot bozgorailuaren arduradunari. Aitzakia horrekin taulara igotzen utziko dit, ziur, eta handik ozen, denek entzun dezaten: “Ume bat galdu dugu! Bai, ume bat! Oraintxe izan da, ikusiko zenuten, langile kamaradak, erabat zurbil, hezur eta azal huts, begi huts… Ziur naiz ikusi duzuela, begien aurrean izan duzue! Ez da, ez, galtzen dugun lehena, lehentxeago beste bat, beste hainbat izan dira… Atzo hamaika galdu genituen, berdin, begi zulo sakon hutsak eta azal zurbil zimel idorra hezur hutsei itsatsia… eternitate bat daramate eta jatekorik eta edatekorik gabe. Dagoeneko 13.000tik gora dira eraildako umeak”.

Ez naiz hurbildu, ordea, mikrora, azkar gertatu da dena, bakarrik ikusi dut neure burua. Bilboko Gran Vian nago, herri administrazioko milaka batzuen ondoan, greba eguneko manifaren ostean, sindikatuen aldarriak entzun berri. Azken hitzak bota eta jendea sakabanatzen hasi da. Sinetsi ezinik geratu naiz, minduta, etsipen garratza zintzurrean… hitzik ez baitute egin Gazako sarraskia salatzeko, ume, emakume, gizon eta langileen hilotz txikitu eta odolduen aipamen txikirik ere ez, elkartasun keinu izpirik ez Palestinako langile klaseko neba-arreben alde, erabat suntsitu dieten herri administrazioa salatzeko ere ez.

Sentitzen dugu, palestinar lagunok, geure agenda propioa dugu, geure erosmen gaitasuna berreskuratu beharra eta gurea geurean erabakitzeko beharra. Pentsa zenbat kontu berebiziko, geurebiziko! Heldu beharrekoak, biziko bagara, biziko! Ulertuko duzue, noski, zuek ere zuen agenda izango duzuen bezala. Ah, jan egin duzuela besterik ezean? Sentitzen dugu, konpai! Garai zailak dira langileontzat!

“Ume bat galdu dugula esan eta adi-adi jarri zarete –jarraituko nukeen–, baina 13.000 galdu ditugula dakizuen arren hitzik ez duzue esan aldarrietan. Dagoeneko 35.000 palestinar baino gehiago akabatu ditu estatu sionistak. Horiek denak, ume, ama, langile,… geure begi bistan erail dituzte. Eta geu, nora begira gabiltza? Geure patriketara?”.

Gazako sarraskian erantzukizunik badugunez, Euskal Herria konplize izatetik askatzeko ardura dagokigu. Ardura horri helduko al diogu langile klaseak, helduko al diote gure sindikatuek, ala isilik edo adierazpen soilekin jarraituko dugu?

Palestinako langile klasea sarraskitzen ari direla ikusita, non gaude, herri honetako langile klasea? Gazako ikastetxeak suntsitzen, irakasleak eta ikasleak erailtzen ari direla ikusita, non gaude, herri honetako irakaskuntzako jendea? Ospitaleak suntsitu, osasun laguntza eten eta ukatu, medikuak bahitu, torturatu eta erailtzen ari direla ikusita, non gaude, herri honetako osasun langile eta jende osasuntsua? Informazioa blokeatuta, atzerriko kazetariei sarrera debekatuta, kazetariak sistematikoki nahita erailtzen ari direla ikusita, non gaude, kazetariak eta komunikabideak? Elikagairik eta urik gabe jendea gosez eta egarriz akabatzen ari direla ikusita, nola jarraitu dezakegu egunerokoarekin?

Gauzatzen ari diren sarraskiari neurria hartzea zaila egiten ari zaigu, hitz egokiak topatzea bezain zaila, izuaren mugak aspaldi gainditu baititu estatu sionista okupatzaile eta genozidak.

Tamalez, gure gizarteko konplizitatea neurri berekoa dela ikusten ari gara, espero zitekeena baino askoz ere zabalduagoa, indartsuagoa eta antolatuagoa. Kolonizazioak lagun handiak ditu Europa osoan eta baita Euskal Herrian ere, kolonizazio eta genozidio bat jasateko eta babesteko prest dauden lagunak. Izen-abizenak dituzten erakunde, enpresa, elkarte eta pertsonek osatzen dute laguntza sare hori. Nola onar dezakegu beste herri baten kolonizazioa, apartheida eta genozidioaren konplize izatea? Hiltzaileari armak, elikagaiak eta behar dituen baliabideak ematea konplize izatea ez al da? Areago, ezinbesteko kolaboratzaile izatea ez al da? Okupatutako lurretan okupatzaileentzako garraiobideak egitea (CAF-Eusko Jaurlaritza, Kutxabank), elikadura ziurtatzea eta egitura antolatzea (Carrefour), energia berriztagarri hornikuntza egituratzea (BBVA), teknologia militarra garatzea (Sener), arma hornikuntza ziurtatzea (SAPA, ITP, Aernova…), aliantza estrategikoak babestea (EAJ eta PSEk babesten duten Horizon Europe programa), teknologien garapenerako ikerketetan kolaboratzea (EHU), kontrolerako eta erasorako teknologia hori palestinarren aurka ondo probatu ostean erostea (Barne Saila), kolaborazio horien eta sarraski horren truke gure ogasunetako kutxak betetzea, eta abar luzea, zer da, kolonizazioa, apartheida eta genozidioa laguntzea ez bada?

Sionismoak indarra baldin badu, nazioarteak ematen diolako da. Beraz, sarraskian erantzukizunik badugunez, Euskal Herria konplize izatetik askatzeko ardura dagokigu. Ardura horri helduko al diogu langile klaseak, helduko al diote gure sindikatuek, ala isilik edo adierazpen soilekin jarraituko dugu?

Nor izango da gai, bestela, bihar begietara begiratzeko gaur bertan umea galduko duenari?

Luix Artola. 2024ko martxoaren 13an.