Iritzigileak euskararekiko jarrera epela auzitan jartzen du artikuluan. Unionistak etsai amorratutzat jotzen ditu, eta eragile abertzale nagusien aldetik axolagabekeria eta politika zehatzik eza kritikatzen ditu.
Carme Junyent hizkuntzalariak esana da ARGIAn: “Indiferentziak hiltzen ditu hizkuntzak, ez hizkuntzaren kontrako etsaigoak”.
“Politikariek ez dute bide-orririk euskararentzat… ez dago politika zehaztu bat euskararentzat. Izatekotan, euskara arazo sektoriala dute, lehen emakumea edo langilea arazo sektorial zituzten bezala” erantzun zion Koldo Izagirrek, Mielanjel Elustondo kazetariari.
Denetatik daukagu aski Euskal Herrian. Etsaigo amorratua eragile unionisten aldetik, indiferentzia eta politika zehatzik eza, eragile abertzale nagusien aldetik.
Adibidez josita daukagu gogoa:
Deia, Gara, ETB2, Radio Euskadi, Onda vasca… Abertzale erdaldunak erosokeriari eutsi eta euskaldunak erromanizatzeko tresna bikainak dira.
Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak Memoriak bildumako lehenengo liburua aurkeztu du berriki: El siglo de Luis Ortiz Alfau. Gizonak gerra zibilean eta frankismoan bizitakoa eta memoria historikoa berreskuratzeko egindako borroka kontatzen dira liburuan guztiok ulertzeko moduan: españolez. Gogora institutuak, euskaldunon memoriaren instituturik ez dagoela gogorarazi digu bidenabar.
Elkartasuna ardatz duen ELA sindikatuak (nireak), gogoz egiten du bultza langileon alde, langabetuen eta emakumeen alde, ekologiaren fabore, desazkundearen mesede, Garoñarik gabeko Araba xede… baina nekez euskaldunon alde. Jose Elorrieta idazkari ohiaren liburua argitaratu du berriki, Clase, territorio y nuevas alianzas, espainiarren komuneko hizkuntzan.
Txalapartako Esparzak, Sortuko Aoizek eta Aralarreko Zabaletak, Tres tristes trileros. Arbeloa, Del Burgo y Aizpún… eman zuten argitara duela hilabete. Cervantesenean badaezpada ere.
Lehenago, Ibarretxek edota Otegik berak, “espainiar guztiok” derrigor jakin beharreko hizkuntzari eman diote lehentasuna euren liburuak argitaratzeko orduan.
Euskaldunak garrantzirik gabeko taldea izango gara, baina ez erabat ergelak.
Ondo ulertu dugu, gure buruzagiek eta erakundeek behin eta berriz helarazten diguten mezua: euskara bigarren aukera da, izatekotan. Hizkuntza txikia, ordezkoa, ez beharrezkoa. Zama.
Finean, alderdi eta erakunde unionstek egiten dute gure hizkuntzarentzat hilkutxa: gaztelera inposatu eta euskara baztertzeko lege eta arauak, gurearekiko erdeinua eta gutxiespena zabaldu, ezdeusa bihurtu.
Baina hilkutxaren estalkiari eragile abertzale nagusiek josten dizkiote ultzeak: utzikeriarena, arduragabekeriarena, indiferentzia eta noraezarena. Hilgarriak guztiak.