Ultzamako biogas plantan diru laguntzen iruzurra, dokumentuen faltsutzea, diru publikoaren erabilera bidegabea, prebarikazioa eta iruzurra egon daitezkela uste du Gobernuak. Eta hori pentsatzeko frogak ere badituela nabarmendu du. Horregatik joko du auzitara, arduradunak daudela uste duelako.
Gobernuaren ustez, proiektuak izan beharko lukeen kostua baino 1.138.837,78 euro gehiago ordaindu ziren. Bi alditan fakturatu zen kopuru hori: Bioenergia Ultzama SA enpresak kopuru hori eman zion udalari eta hark diru hori beste enpresa bati. Gero eraikuntza gastuen %100 beste hornitzaile batzuei ordaindu zizkien gobernuak. Kabinetearen arabera, denera, 5,7 milioi euro kostatu zen planta: alor publikoak guztira 3,2 milioi jarri zituen, eta foru gobernuak 2,4 milioi. 2014an, enpresak porrot egin zuen.
Auzitara joko du orain Gobernuak eta Parlamentuan ere bada ikerketa batzordea abian.
UPNren garaiko irregulartasunak
Biogas planta egin zenean, Patxi Perez zen Ultzamako alkatea. Egun UPNko zuzendaritzako kide da, eta aurreko legealdian Jose Javier Esparza UPNko presidentearen albokoa izan zen Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Tokiko Administrazioko departamentuan.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.