argia.eus
INPRIMATU
Ultraeskuinari justu-justu hartu diote aurrea sozialdemokratek Branderburgoko hauteskundeetan
  • 1,1 puntuko aldea baino ez. Alemanian koalizioan gobernatzen ari diren sozialdemokratek hauteskundeak irabazi dituzte Branderburgo eskualdean. Botoen %30,7 lortu dute. Bigarren tokian, botoen %29,6rekin, gelditu da Alemaniari Alternatiba (AfD) eskuin muturreko alderdia. Sozialdemokratek arnasa pixka bat hartu ahal izan dute irailaren 22ko hauteskunde horietan, hilaren 2ko hauteskundeetako emaitzak eta gero. Orduan, Turingia eskualdean, Alemaniari Alternatibak irabazi zituen hauteskundeak eta Saxonian bigarren geratu zen eskuin muturra, ozta-ozta, demokristauen atzetik.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 23a
SPDko buru Dietmar Woidke, artxiboko argazkian / Adrian Fiedler

Branderburgo eskualdea gaur egun Alemanian gobernatzen duen SPD alderdi sozialdemokrataren gotorlekua da. 1990etik etenik gabe ari da agintzen sozialdemokrazia. Ozta-ozta bada ere, hauteskunde hauetan AfD Alemaniari Alternatiba alderdi ultraeskuindarrari gailentzea lortu du. SPD alderdiak lau puntu egin du gora, eta AfDk sei puntu.

Hirugarren postuan Sahra Wagenknecht Aliantza (BSW) ezkerreko alderdi berria geratu da, botoen % 13,1ekin, eta ondoren, CDU demokristaua, % 12,1ekin.

SPD alderdiarekin batera Alemaniako Gobernuan koalizioan dauden Berdeek eta liberalek emaitza kaskarrak izan dituzte. Badirudi Berdeak %5era iritsiko direla eta parlamentu-ordezkaritza izango dutela. Liberalek ez dute % 5eko muga gainditzea lortu eta, beraz, ez dute ordezkaririk izango.