argia.eus
INPRIMATU
Ultraeskuinari harresia, baita Ipar Euskal Herrian ere

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko uztailaren 08a
Peio Dufau eta Marie Heguy-Urain, Fronte Herritar Berriak seigarren hautesbarrutian ere irabazi zuela jakin berritan, Ziburuko plazan. (Argazkia: Sud Ouest)

Frantziako Estatu mailan bezalatsu, edo are indartsuago, egin diote herritarrek aurre ultraeskuinari. Ipar Euskal Herrian harresia ezarri diote diskurtso homofobo eta arrazistei. "Eskuin muturrari dantzatzea ukatu diogu", zioten igande gauerdian, Lapurdiko kostaldean, Fronte Herritar Berria ezkerreko koalizioko kideek, haien hautagai Peio Dufau Parisera joango dela baieztatu berritan, ozta-ozta Macronen Ensemble-ri gailendu zitzaiola konfirmatuta.

Lehen itzulian baino aiseago gailendu zaio Fronte Herritar Berria koalizioa Batasun Nazionalari. Ekainaren 30ean 11.000 boto inguruko aldea atera zion ezkerrak ultraeskuinari, eta bigarren itzulian 30.000koa izan da diferentzia. Alegia, itzuli batetik bestera, ezkerrak hirukoiztu egin dio aldea ultraeskuinari.

160 udalerrietatik 142tan gailendu da Fronte Herritar Berria; Zuberoan, herri guztietan

Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko zati bat hartzen duten hiru hautesbarrutietatik Frantziako Asanblea Nazionalera joango diren hiru diputatuak Fronte Herritar Berrikoak izanen dira: Iñaki Echaniz eta Colette Capdevielle sozialistak, laugarren eta bosgarren hautesbarrutietatik; eta Peio Dufau abertzalea, seigarrenetik.

Hiru hautagai horiek biderkatu egin dizkiote boto-diferentziak ultraeskuineko aurkariei. Hurrenez hurren, laugarren hautesbarrutian, Echanizek 11.000 bozeko aldearekin irabazi dio Batasun Nazionalari –7.000ko diferentzia atera zion lehen itzulian–; bosgarrenean, Capdeviellek 16.000 botoen aldea izan du –3.000koa izan zen lehen itzulian–; eta Dufauk, seigarren hautesbarrutian, bikoiztu egin du aldea, 3.000tik 6.000ra.

4. hautesbarrutia: Echaniz, botoen erdiekin

Zuberoa, Nafarroa Beherea, Hazparne eta Biarnoko herri batzuk hartzen dituen hautesbarrutian %73,9ko parte-hartzea izan da, lehen itzulian baino ia puntu bat handiagoa. 2022ko hauteskunde legegileekin alderatuta, ia 20 puntu egin du gora parte hartzeak.

Lehen itzulian baino are nagusitasun handiagoz, Fronte Herritar Berriko Iñaki Echaniz izan da garaile. Boto-portzentaian 10 puntu egin du gora –kasik 6.000 boto gehiago; guztira, 27.000–. Barrutiko botoen ia erdia lortu du.

Dena den, eskuin muturreko eta eskuineko bi aurkariek ere boto kopuru absolututan gora egin dute. Baina ez Echanizek bezainbeste: bien artean, igoera, ez da 5.000 botokoa izan.

[[hauteskundeak barrutiak estua 2024 U7 frantziako-legegileak lau]]

5. hautesbarrutia: Capdevielle, astindua emanda

Kostaldeko hiri handiak –Baiona edo Angelu, esaterako– zein barrualdeko herriak hartzen dituen barruti honetan, Batasun Nazionalak soilik Gixunen irabazi du, oso tarte txikiagatik, eta gainerako udalerrietan ezkerra atera da garaile.

Colette Capdevielle sozialistaren hautagaitzak 40.607 boz jaso ditu, boto guztien %62,64, eta ia bikoiztu egin ditu duela astebeteko emaitzak –22.643–. Aldiz, Batasun Nazionaleko hautagaiak aurreko astean baino milaka boz batzuk gehiago jaso baditu ere –ordukoan 19.308 boto eta orain 24.221–, orotara bozen %37,36 erdietsi du; hau da, ezkerrak ia hogeita bost puntuko aldea atera dio eskuin muturrari.

Parte hartzea, barruti honetan, lehen astekoaren oso antzekoa izan da, oso altua beraz, deituta zeuden herritarren %70,72 joan dira hautestontzietara.

[[hauteskundeak barrutiak estua 2024 U7 frantziako-legegileak bost]]

6. hautesbarrutia: Dufau, abertzale bat Parisen

Lapurdiren zati handiena hartzen du seigarren barrutiak: kostaldea batik bat, Hendaiatik Biarritzera. Lehia estua aurreikusten zen lehen itzulitik, bereziki macronista eta abertzaleen artean, eta atzeraxeagotik bazen ere zeharka begiratzen zuen ultraeskuinak. Lehen itzulian, 1.800 boto eskasengatik irabazi zion Christian Devèze macronistak Peio Dufau abertzaleari, baina bigarren itzulian irauli da norgehiagoka: 1.700 boz, Dufauren alde. Beraz, bosgarren errepublikan estreinakoz, legebiltzarkide abertzale eta euskalduna izango da Parisen. Atzeraxeago, Fronte Herritar Berriak baino 6.000 boto gutxiagorekin geratu da Batasun Nazionala.

Macronistek segitu dute indartsu Donibane Lohizunetik Biarritzera, kostaldean, salbu eta Bidarten. Zonalde horretatik irtenda, nabarmentzekoa da hiru udalerritan soilik gailendu dela Dufau ez beste norbait; kasuon, ultraeskuina: Ainhoan –bost boto eskaseko aldeaz–, Jatsun eta Haltsun.

[[hauteskundeak barrutiak estua 2024 U7 frantziako-legegileak sei]]

Udalerrika: 160tik 142tan, ezkerra

Argigarria da mapak erakusten duen ezkerraren nagusitasuna Ipar Euskal Herrian. Frantziako Estatuari begiratuta, gurean are argiago gailendu da ezkerra. Zifretara ekarrita: Lapurdin, 41 udalerritatik 30etan gailendu da Fronte Herritar Berria; Nafarroa-Beherean 75etik 68tan; eta Zuberoan guzti-guztietan, 44tik 44tan.

Indar politikoen arabera, hauxe emaitza: 160tik 142 udalerritan lehen indarra izan da Fronte Herritar Berria, zazpina lekutan Ensemble eta Batasun Nazionala eta lau udalerritan Résistons! alderdia.

Bista-bistako aldaketa batzuk izan dira lehen itzulitik bigarrengora. Esaterako, bosgarren hautesbarrutian, Hiriburutik ekialderako guzian, Batasun Nazionala gailendu zen lehen itzulian –Beskoitzen, Milafrangan, Bardozen edota Bidaxunen–. Aldiz, joan den igandeko emaitzetan, soilik Gixunen irabazi zuen ultraeskuinak, apenas bost botori esker.

Oro har, ez bada izan Fronte Herritar Berriaren mesedetan, ez da udalerririk egon kolorez aldatu dena; macronistek eta Batasun Nazionalekoek babesa galdu dute eta ez dira lehen itzulian gailendu ez ziren inon nagusitu, eta udalerriak galdu dituzte.

[[hauteskundeak udalerriak estua 2024 U7 frantziako-legegileak]]