argia.eus
INPRIMATU
Ultraeskuinaren enegarren igoera Alemanian
  • Alemaniarentzat Alternatiba (AfD) alderdi ultraeskuindarrak igoera izan du Brandenburgo eta Saxoniako hauteskundeetan, eta bigarren postua lortu du bi estatuetan.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 02a
AfD alderdi ultraeskuindarreko burua.

Brandenburgo eta Saxonia Alemaniako estatuetan hauteskundeak izan dira igandean, eta Alemaniarentzat Alternatiba alderdi ultraeskuindarrak nabarmen egin du gora, bigarren lekua hartuz bi estatuetan. Aginte posiziorik hartuko ez dutela aurreikusten da, baina igoeraren zifrak esanguratsuak dira.

Brandenburgon %147,7ko igoera izan du alderdiak, 120.000 bozetik 297.000ra pasaz 2014tik hona. Saxonian, berriz, igoera %273,1ekoa izan da, 160.000tik 595.000ra igaroz bost urtetan. Brandenburgon SPD alderdi sozialdemokrataren atzetik geratu da AfD, eta Saxonian, berriz, CDU alderdi kristauaren atzetik.

Europan bezala, Alemanian ere ultraeskuinak nabarmen egin du gora, eta beste herrialde batzuetan baino handiagoa izan da igoera hau. Horrez gain, AfD alderdi ultraeskuindarrak hauteskundeen lehenengo postuetan finkatzea lortu du. 2017ko hauteskunde federaletan bozen %12,6a lortu zuten, aurreko hauteskundeetan baino %185,9 gehiago. Horrez gain, azken urteetan Alemaniako estatuetan egin diren hauteskunde gehienetan gora egin du alderdiak.

Europako hainbat herrialdetako alderdi ultraeskuindar asko mende hasieran sortu ziren, baina ez zuten arrakasta handirik izan. Austriako Askatasunaren Alderdia 1999an jaio zen; Frantziako Front National 2002an, 2006an Herbehereetan… Krisi kapitalistaren testuinguruan izan da alderdi hauek igoera handiena izan duten unea, ongizate estatuaren defendatzaileak diren alderdi klasikoen porrota dela eta.