argia.eus
INPRIMATU
Ultraeskuinaren diskurtsoari eutsi eta Alemaniak polizia-kontrolak ipiniko ditu muga guztietan
  • Gobernuak argudiatu du "migrazioaren karga handia"  eta "terrorismo islamistaren arriskua" areagotu direla.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko irailaren 10
Olaf Scholz, Alemaniako kantzilerra, artxiboko irudi batean.

Irailaren 16tik aurrera, gutxienez sei hilabetez, herrialdeko sarrera-irteera guztiak kontrolatuko ditu Alemaniak. Neurri esanguratsua da, herrialdeak Europan duen pisuagatik ez ezik, erdi-erdian dagoelako eta muga asko dituelako. Ez da erabat praktika berria, ordea: Alemaniatik hainbat herrialdetarako mugetan polizia-kontrolak existitzen dira, hurrenez hurren, Suitzarekin, Austriarekin, Txekiar Errepublikarekin eta Poloniarekin; herrialde horiek kontrolatzen dituzte haien mugak, haien kabuz, ez Alemaniak berak aginduta. Datorren astetik aurrera, ordea, Alemaniak gauza bera egingo du Frantzia, Luxenburgo, Herbehereak, Belgika eta Danimarkara ematen duten pasabideekin.

Schengen eremuko kide izanik, azken-azkeneko salbuespen-neurri gisa aurreikusten da halakorik egitea, herritarren mugimenduak erabat askea izan behar duelako hitzarmenaren arabera. Gobernuaren esanetan, baina, "immigrazio irregularra" kontrolatzea eta "herrialdearen segurtasuna indartzea" dira neurri polemikoaren helburuetako bi. Horixe argudiatu dio Alemaniako Barne Ministerioak Europako Batzordeari.

Ultraeskuinaren igoera Alemanian

Irailaren 1ean hauteskundeak egin ziren Turingia eskualdean, eta Bigarren Mundu Gerraz geroztik, estreinakoz ultraeskuinak jaso zituen boto gehien Alemaniako eskualde batean: hiru bototik bat jaso zituen Alemaniari Alternatibak (AfD). Saxonian ere egin ziren hauteskundeak, eta bigarren geratu zen, ozta-ozta, CDU demokristauen atzetik.

Bi eskualdeak herrialdearen ekialdean daude, bereziki Saxonia, Txekiar Errepublikarekin eta Poloniarekin mugan. Migrazio gehien handik iristen da, eta ekonomikoki, esaterako Berlin inguruarekin alderatuta, dezente ahulagoak dira. Eskuin muturraren igoeran eragina du horrek.

Schengen eremuko kide izanik, azken salbuespen-neurri gisa onartzen da mugak ixtea

AfD alderdiko Turingiako buruzagiek erradikalago izateko sona dute alderdiaren egitura zentraleko kideekin alderatuta. Aipagarriena Björn Höcke, Turingian hauteskundeak irabazi dituena. Bermigrazioa aldarrikatzen du berak. Hau da, migratzaile ororen deportazioa, herrialde bakoitza "herritar autoktonoena" soilik balitz bezala. Lehenik, "legez kanpoko migratzaileak" kanporatu behar direla dio, premia bizia horretan dagoela argudiatuta; eta bigarrenik, herrialdean asentatuta dagoen etorkin oro, "herrialdearen izatea segurtatzeko".

Solingeneko atentatuaren aurrekaria

Abuztuaren 23an, ostiralez, siriar gazte batek hiru pertsona hil zituen labankadaz, eta gutxienez beste zortzi zauritu, Alemania hego-ekialdeko Solingen hirian. Hurrengo egunean, erasotzaileak bere burua aurkeztu zuen polizia-etxean eta Estatu Islamikoak beregain hartu zuen erasoa; besteak beste, esan zuen Palestinako eta beste leku batzuetako musulmanen "mendekua" izan zela.

Eskuin muturrak kapitalizatu egin zuen erasoa, Turingia eta Saxoniako hauteskundeen atarian. Manifestazio ugari antolatu zituzten, eta immigrazioaren aurkako diskurtsoak eta mezu arrazistak hedatu.

Schengen eremuan, nobedaderik ez

Pandemiaz geroztik, ugaritu egin da Frantziako Poliziaren presentzia Irun eta Hendaia arteko muga administratiboan. Gutxienez bederatzi pertsona hil dira muga zeharkatu nahian. Hori gutxi ez, eta Frantziak eskatu dio Espainiari "gehiago" egiteko.

Frantziak dio “segurtasunaren mesedetan” egiten duela, eta hala dio 2016az geroztik, Nizan izandako atentatuaren ondoren. Ordutik, Espainiako Estatura begirako polizia-kontrolak ez ezik, Italia, Suitza, Alemania eta Belgikarako pasabideak ere gogortu zituzten jendarmeek. COVID-19ak eragindako pandemia izan zen aitzakia ondoren, eta egoera gaur arte luzatu da. Gehiago ala gutxiago, aipaturiko pasabide horietako muga-kontrolek indarrean jarraitzen dute; esaterako, Italiarekin, azkenaldian bereziki gogortu du Frantziak, Mediterraneotik datozen etorkinei sarbidea galarazteko.