Botoen %28,8 lortu ditu FPÖ alderdi ultranazionalistak, 2019an baino %13 gehiago. ÖVP Alderdi Popularrak botoen %26,3 jaso du eta hirugarren indarra izan da SPÖ alderdi sozialdemokrata, botoen %21,1ekin. Alderdi nagusiek uko egin diote ultraeskuinari gobernatzeko babesa emateari, eta adituen ustez, FPÖrik gabeko koalizioa osatzen saiatuko dira.
Lehenengo aldia da Bigarren Mundu Gerraz geroztik ultraeskuinak parlamenturako hauteskundeak irabazten dituela Austrian. EITBk jaso duenez, Herbert Kickl FPÖ alderdiko buruak esan du “boto-emaileek hitz egin dutela”, eta emaitza horrek erakusten duela herrialdeak norabide aldaketa nahi duela.
Alderdi ultraeskuindarrak immigrazioaren aurkako mezuak zabaldu ditu kanpainan zehar, eta kontserbadoreen eta ekologisten Gobernuak COVID-19aren pandemia kontrolatzeko hartutako neurriak kritikatu ditu.
Hauteskundetako bigarren indarra izan da ÖVP Alderdi Popularra eta 2019ko hauteskundeetatik hamaika puntu galdu ditu. Hirugarren tokian gelditu da SPÖ alderdi sozialdemokrata. Laugarren indarra Neos alderdi liberala izan da, botoen %8,8 eskuratuta, eta bosgarren tokian gelditu dira Berdeak, botoen %8,7 lortuta. Azken bi alderdi horiek ere parlamentuan tokia izango dute. Biek Alderdi Popularrarekin batera gobernatu dute orain arte.
Oraindik ez dira jakinak behin betiko emaitzak. Alabaina, ez dirudi ultraeskuinak gobernatuko duenik eta aukera asko ditu kontserbadoreen eta sozialdemokraten arteko koalizioak. ÖVP, SPÖ eta Neos alderdiek hiruko gobernua osatu eta gehiengo justukoa lortuko lukete.