argia.eus
INPRIMATU
Uliako lore baratzeak defendatzeko jardunaldia deitu dute 26rako
  • Uliako lore baratzeko kideek parkearen suntsiketari aurkakotasuna adierazteko deia zabaldu dute otsailaren 26rako. Etxebizitza sozialak eraikitzeko asmoa dauka Donostiako Udalak, baina ekimeneko kideek diote “arduragabekeria hutsa” dela, eta “gizarte zein ingurumenarentzat hondamendia”.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 22a
Uliako lore baratzea.

2016ko uztailaren 21ean, EAJ eta PSEren aldeko bozekin, PPren abstentzioarekin eta EH Bildu eta Irabaziren kontrako bozekin lore baratzei dagokien Urbanizazio Plan Orokorra onartu zuen Donostiako Udalbatzak. Gazteentzako 70 apartamentu eraikitzeko asmoa du Udal Gobernuak, baina parkeko bizilagunek diote badirela ordezko lekuak horiek eraikitzeko.

“SOSparkea” lemarekin, otsailaren 26an goizeko 11etan hasiko da jardunaldia. Hiriko agintariei ohartaraziko diete donostiarrek “errespetua merezi” dutela, eta auzoari dagozkien “erabakietan parte-hartzeko eskubidea” dutela.

Hasiera emateko, parkean bizi eta ikusitako txorien berri emango dute, ; ornitologia zale talde batek urtebete eman du behaketa hori egiten. 12tan parkearen lagunen argazki jendetsu bat aterako dute, duela urtebete egin zuten antzera. 12:30etan proiektu urbanistikoaren egoera adierazi, herritarrek beren proiektuak defendatzeko dituzten bide desberdinak azaldu, eta 2017an parkean egingo diren jarduera eta ekintzen berri emango dute.