argia.eus
INPRIMATU
Uliako Lore Baratzak: Donostiako Udalak etxebizitzak egitea onartuko duela salatu dute
  • “Parkea suntsituko duen hirigintza plana” osteguneko osoko bilkuran onartzea aurreikusten da. Erabakiaren aurkako 4.226 sinadura aurkeztu ditu Uliako Lore-Baratzak elkarteak.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 19a
Uliako Lore Baratzak elkarteko kideak, astearte goizean egindako agerraldian. (Argazkia: @larbelaitz)

“Uliako mintegien parkea Donostiako udal haztegien jatorri historikoaren azken erakusgarria da”, Uliako Lore-Baratzak elkartearen esanetan. Horregatik, “parkearen kontserbazioa eta dinamizazioa bultzatzearen aldeko jarrera mantentzeko beharra” azpimarratu dute. Hori dela eta, Uliako Lore-Baratzak ekimena bertan etxebizitzak eraikitzea aurreikusten duen hirigintza planaren aurka azaldu da. Plana osteguneko udal batzarrean onartzea aurreikusten da.

Ulia pasealekua eta Jose Elosegi kalearen arteko 14.500 metro koadroko orubean etxebizitzak eraikitzea ekidin nahi dute. Zenbait ekimen antolatu dituzten datozen egunetarako: martxak eta agerraldiak, besteak beste. Horrez gain, proiektuaren aurkako 4.226 sinadura aurkeztu dituzte udaletxean.

Orain artean bezala jarraitzearen aldeko aldarria egin du Uliako Lore-Baratzak elkarteak. Haztegiek hiriarentzat duten garrantzia azpimarratzeko, Aranzadi Zientzia elkartearen dokumentu bat jarri dute adibide. Haren arabera, Uliako haztegien gunea “hiriko bioaniztasunaren gordelekuetako bat da, eta Gipuzkoa osoan bakarrak diren kultur, historia, arte eta hirigintza intereseko berezitasunak ditu”.

“Bertako jende anonimoaren proiektua denez, bere potentziala gutxietsi egin da, duen balioa eman beharrean”, salatu du Uliako Lore-Baratzakek. Donostian ezarri nahi duten hiri ereduarekin lotu du hori: “Gutxi batzuen interesen zerbitzura daude, eta epe laburreko kontsumismoaren eta espekulazioaren dinamikan sartu dira, pazientzia behar duten proiektuak alboratuz”.

Babes zabala jaso dute

Udaletxean aurkeztu dituzten sinadurez gain, kultur eta irakaskuntza arloko zenbait pertsonaren babesa jaso dute: besteak beste, EHUko zenbait irakaslek, Edorta Subijana eta Nora Erdozia arkitektoek, Gregorio Fisac ingeniariak, Julia Otxoa poetak eta Gorka Otxoa eta Ramon Agirre aktoreek egin dute bat. Ekologismoan eta kulturan dabiltzan hainbat elkartek ere babestu dute Uliako Lore-Baratzaken aldarria.