argia.eus
INPRIMATU
Ukrainiako inbasioa badatorrela zabaldu du Mendebaldeak eta Errusiak soldaduen etxeratzea iragarri du
  • Asteartea esnatu da iragarriz bihar asteazkenez Errusiak Ukrainia inbadituko zuela, eta bestela datozen egunetan. Horiek ziren AEBetako Pentagonoaren iturriak erabiliz, Mendebaldeko hedabideek gosaltzeko eskaintzen zituzten berriak.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 15

Errusiak 100.000 soldadu zabaldu dituela Ukrainiako mugan eta inbasioa prest zegoela zabaldu da egunarekin batera. Egunak aurrera egin ahala, ostera, Errusiako Tass berri agentziak zabaldu du Errusiako Defentsa Ministerioak iragarri duela Ukrainiako mugetan maniobrak egiten ari diren tropetako batzuk etxeratzen hasiko direla.

Errusiaren arabera, erretiratzea lehendik aurreikusita zegoen eta ez du zerikusirik Mendebaldearen “histeriarekin”, eta balizko inbasioari buruz “terrorismo informatiboa” dela ohartarazi du. Dmitro Kuleba Ukrainiako Atzerri ministroaren esanetan, ordea, “ez ditugu adierazpenak sinesten eta soldatuen erretirada ikusten dugunean, orduan sinetsiko dugu”.

Albiste gerra hau guztia azken asteetako kontua da, baina azken egunetan areagotu egin da eta bereziki astearte honetan. Gaur Olaaf Scholz Alemaniako kantzilerra Vladimir Putinekin bilduko da Moskun. Alemaniako Atzerri ministro Annalena Baercbock-ek adierazitakoaren arabera, “egoera bereziki arriskutsua da eta edozein unetan okertu daiteke. Errusiak du egoera baretzearen ardura”.

Alemaniak interes berezia du egoerak okerrera egin ez dezan, besteak beste, eta bereziki energia nuklearra alboratu ondoren, Errusiako gasa eta erregaien menpekotasun handia duelako; kontsumitzen dituen produktu horien erdia baino gehiago datorkio Errusiatik gaur egun.