Etxe Zurian edukitako liskarraren ostean, eskainitako laguntza "konponbide batera bideratuta" dagoela ziurtatu nahi du Trumpek. Zelenskiren arabera, Kievek bizirauteko aukera gutxi izango lituzke AEBen laguntza militarrik gabe.
AEBen eta Ukrainaren arteko harremanetan tentsioak nabarmen egin du gora azken astean. Aurreikusten zen Donald Trump AEBetako presidenteak ez zuela Joe Bidenen ikuspegi bera izango Ukrainako gerrarekiko, baina Etxe Zuriko maizter berriaren azken mugimenduak ez dira oharkabean igaro: Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin ostiralean ika-mika izan ostean, Kievera bideratutako laguntza militarra gelditzea erabaki du, eta Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bakea adostea eskatu dio Zelenskiri.
Ukrainara bideratutako laguntza militarraren azken bidalketa urtarrilaren 9an egin zuen Washingtonek, Joe Biden presidenteak kargua utzi aurretik. Halere, El Diario hedabideak argitaratu duenez, oraindik ez dira Ukrainara iritsi 3.850 milioi dolarreko balioa duten arma estatubatuarrak, bere garaian AEBetako Kongresuak onartutakoak. NBC kateari duela bi aste eskainitako elkarrizketa batean, Zelenskik ohartarazi zuen AEBen laguntzarik gabe Ukrainak Errusiaren inbasioari aurre egiteko "gaitasun txikia" izango lukeela.
Etxe Zurian kameren aurrean Trumpekin eta JD Vance presidenteordearekin bizitakoa albo batera utziz, astelehen arratsalden sareetara igotako mezu batean Zelenskik adierazi du "aliatu gisa" lan egiten jarraitzen dutela AEBek eta Ukrainak: "Oso garrantzitsua da gure arteko diplomazia ahalik eta gehien garatzea, gerrari amaiera emateko. Itxaropena dugu AEBen laguntzak bakera gidatuko gaituela".
"Putinen eskaerei men egin die Trumpek"
Laguntza militarra geldiarazteko erabakiarekin, azken asteetan geroz eta handiagoa egiten ari zen txiklea esplotatu egin da azkenean, eta alarma guztiak piztu dira Ukrainan. Oleksandr Merezhko Ukrainako Atzerri Ministerioko kidearen arabera, armen bidalketa gelditzeak "Errusia laguntzea" esan nahi du: "Itxura du Putinen eskaerak onartzera bultzatu nahi gaituela [Trumpek]. Ukraina esku hutsik utzi eta Errusiari mendebalderantz lurrak hartzen jarraitzea ahalbidetzen dio".