Bakearen goi bilera deiturikoan, Suitzako Bürgenstock hirian, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik hitzordua baliatu du presio diplomatikoa egiteko Errusiari eta fokua, atzera ere, Israel-Palestinatik Europako ekialdera eramateko.
Adostasun erabatekorik gabe amaitu da joan den asteburuan egindako goi bilera. Herrialdeen gehiengoak sinatu du azken dokumentua, 90etik 80k gutxi gorabehera, baina hainbat herrialde esanguratsuk, Txinak, Indiak, Hegoafrikak, Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuak eta Mexikok esaterako, ez dute adostasunik erakutsi. Brasilek, esaterako, "ikuskatzaile" gisa hartu du parte goi bileran.
Lurralde batasuna eta presoen askatasuna
Bakea negoziatu ahal izateko, dokumentuaren arabera, Ukrainaren "lurralde batasuna" lehenetsi behar da, hain justu ere Vladimir Putinek nahi ez duena. Putinek berriki esan du balizko bake akordio bat sinatuko lukeela baldin eta Ukrainako soldaduek Luhansk, Donetsk, Kherson eta Zaporizhia eskualdeetatik hanka egingo balute eta Ukrainak NATOn sartzeari uko egingo balio. Ez da, jakina, Ukraina NATOn sartzea galaraztea aurreikusten Suitzako tankerako goi bileretan.
Horrez gain, dokumentuak ere badio merkantzia ontziak, portuak eta azpiegitura esanguratsuak ezin direla kaltetu. Auzi nuklearrari dagokionean, "kontu handiz" ibiltzeko eskakizuna egiten du idazkiak, eta esplizitatzen du Zaporizhiako zentral nuklearrak ukrainarren eskuetan egon behar duela uneoro –gaur egun errusiarren eskuetan dago–.
Azkenik, gerra testuinguruan atxilo hartu eta bahitu dituzten pertsona ororen askapena eskatu du idazkiak, eta truke forma baliatzeko. Datu bat ematen dute horri lotuta: 20.000 haur ukrainar daude legez kanpo deportaturik. Horiei ezin zaiela bizkar eman adierazi dute idazkia sinatu duten herrialdeek.
Hurrengo bileran Errusia ere eseriko da?
Airean dago galdera hori. Bistakoa da, bi aldeen adierazpenak ikusita, ez dagoela adostasunerako bide argirik, baina goi bileran parte hartu duten hainbatek prentsaren aurrean iradoki dute hurrengo balizko bileran Errusiak ere eseri beharko lukeela. Suitzako goi bilera horretara ez dute gonbidatu, antolatzaileek espero zutelako Putinek uko egingo ziola gonbitari.
Natasa Pirc Musar Eslovakiako presidenteak zera esan du: "Hurrengo kongresua ezin daiteke egin Errusiaren parte hartzerik gabe; etsaiarekin hitz egin behar da". Eta jarraian, AEBetako Segurtasun Nazionaleko ordezkariak zera: "Ukrainak esan du gerra honi akabera eman behar zaiola negoziaketa bidez; beraz, horrek Errusiarekin hitz egitea ere barnebiltzen du".
Ez dago argi, ordea, bilera gehiago egongo denik. Suitzan sinatu den dokumentuak ez du eperik ezartzen. El Diario-ren arabera, bilkura horretan Ukrainak espero zuen hurrengo bileraren lekua zehaztuko zela, eta Jidda –Saudi Arabia–, Kopenhage –Danimarka–, Malta edo Davos –Suitza– hirien artean egongo zela. Baina inork ez du urratsik eman, eta egoera ziurgabetasunak tindatzen du orain.