argia.eus
INPRIMATU
Ukrainarako “irtenbidearen” bila, edo ez?
  • "Bakearen" bidean, Errusiak proposatu du kontrolpean ez dituen lurraldeei uko egitea. Trukean AEBk hainbat onura emango dizkio, Financial Timesen arabera. Hala ere, Kremlineko bozeramaile Dmitry Peskov-ek abisu egin du: "Ez fidatu hedabideez, ezta errespetagarriak direlakoez ere". Apirilaren 23an AEB Europako zenbait ordezkarirekin elkartzekoa da gaia eztabaidatzeko.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko apirilaren 23a
Steve Witkoff eta Vladimir Putin. Official website of the President of Russia (CC BY 4.0)

Financial Timesek zera ezagutarazi du: Errusia prest dago guztiz okupatzen ez dituen lau eskualdeen gaineko erabateko kontrol eskaerari amore emateko, baldin eta AEBk kontzesio zabalagoak egiten baditu, hala nola Krimeako anexioa onartzea eta Kiev NATOn sartzeari betoa jartzea. Hedabideak informazioa San Petersburgon izandako bileraren harira jaso du, AEBko mandatari Steve Witkoff-en eta Vladimir Putinen artean izandakoa. "Arazoa ezagutzen duen jendeak" ezagutarazi duela adierazi du Financial Timesek

Putin prest egongo litzateke erabat kontrolatzen ez dituen lehen lerroko eskualdeei uko egiteko: Donetsk, Luhansk, Jerson eta Zaporiyia –egun Ukrainaren esku daudenak–. 2022an egindako adierazpenak bertan behera geratzea ekarriko luke horrek, izan ere, urte horretan lau eskualdeen anexioa deklaratu zuen. Kievek tropak frontetik erretiratu ezean eta Moskuri lau lurralde horien erabateko kontrola eman ezean inolako bake akordiorik onartuko ez zuela adierazi zuen.

Hala ere, Kremlineko bozeramaile Dmitry Peskov-ek zalantzan jarri du azken egunetan publikatzen ari den informazioen zilegitasuna. Peskovek "fidagarriak" diren hedabideek luzatzen dituzten albisteak kolokan jarri ditu RIA Novosti estatu-agentzian egindako adierazpenetan: "Faltsukeria asko argitaratzen ari dira, eta, beraz, lehen mailako iturriei baino ez zaie entzun behar".

Gauzak horrela, Errusiak 2022an egindako deklarazioak –Donetsk, Luhansk, Jerson eta Zaporiyia lurraldeen anexioak– bere horretan jarraitzen du. Lau lurralde horiek ez ezik, Krimeako eskualdea bereganatzeko 2014an egindako adierazpena ere berresten da.

Londreseko batzarraren zain

Gatazkari irtenbidea emateko asmoz Londresen elkartzekoak dira asteazken honetan AEBko, Ukrainako, Frantziako Estatuko, Alemaniako eta Erresuma Batuko ordezkariak. AEBk balizko su-eten baterako bide orri bat proposatzeko asmoa du, Krimea Errusiaren zati gisa onartzea eta frontearen egungo lerroa izoztea barne, The Washington Postek ezagutarazi duenez. Proposamen horiez gain, Errusiari ezarritako zigorrak partzialki arintzea eta Ukraina NATOtik behin betiko baztertzea aurreikusten du AEBk. Trukean, Kievek segurtasun bermeak eskuratuko lituzke.

Kievek Errusiarekin elkarrizketa zuzenak izateko prest dagoela adierazi du Volodymyr Zelenskyk: "Su-etenaren ostean, esertzeko prest gaude". Baina Errusiarekin zuzeneko elkarrizketak mantentzea debekatzen duen dekretuak indarrean dirau, Diario Socialistak jaso duenez.