argia.eus
INPRIMATU
Ukrainara tankeak bidali edo ez, gerrako eskalada eragin lezakeen auzia
  • AEBek eta aliatuek dituzten Leopard 2 tankeak eskatu ditu Ukrainak, baina Alemaniak eman behar du baimena, ekoizlea delako. Alemaniak zalantza du, gerran eskalada ekarriko lukeelakoan; NATOk jakinarazi du “laster” konponduko dela tankeen blokeoa. Errusiak ohartarazi du tankeak bidaltzeak “iragarri ezin diren ondorioak” izango dituela.

Leire Artola Arin 2023ko urtarrilaren 24a
Leopard 2 tankeak eskatu ditu Ukrainak. / Argazkia: Patrik Stollarz.

Leopard 2 tankeen afera Ukrainako gerran desadostasunak eragiten ari da. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik tankeak eta armamentu astuna eskatu dizkie AEBei eta Mendebaldeko estatuei, esanez beharrezkoak direla Errusiak udaberrian hasiko duen erasoaldiari aurre egiteko. Tanke horiek AEBek, Kanadak eta Europako zortzi estatuk dituzte –Alemania, Espainia, Danimarka, Finlandia, Grezia, Norvegia, Polonia eta Suedia–, baina guztiek Alemaniaren baimena behar dute Ukrainara bidaltzekotan, bera baita tankeen ekoizlea.

Hor sortu da eztabaida: Alemaniak zalantzak ditu, eta eskaria blokeatuta dago. Ostiralean bildu zen Ukrainari laguntza militarra ematen dioten herrialdeen 40 bat bitartekariko taldea, AEBek Alemanian duten Ramstein-eko base militarrean, eta Alemaniako Defentsa ministro Boris Pistorius-ek zera esan zuen, Berriak jaso duenez: Ukrainaren erasorako gaitasunaren gainetik defentsakoa lehentsi beharko litzakeela.

Alemaniak ez du argi ikusten tankeak bidaltzea, gerrak eskalada ekarriko lukeelakoan, baina, aldi berean, ez du oztoporik jarriko baimena eskatzen duten herrialdeekin hitz egin eta hori ahalbidetzeko. Europar Kontseilua, NATO eta AEBak prest daude tankeak bidaltzeko, eta presioa egiten ari dira Alemaniari. Astearte goizean NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, Alemaniako Pistorius ministroarekin bildu ostean, ziurtatu du espero duela “laster” konponduko dela tankeen blokeoa, The Guardianek jakinarazi duenez.

Ukraina armez hornitzen

Aliatuak prestatzen ari dira Leopard 2 tankeak Ukrainara bidaltzeko, eta Alemania baldintzei buruz hitz egiten ari da. Stoltenbergek, ordea, azpimarratu du “presazkoa” dela blokeoa amaitzea, “Errusiaren hurrengo ofentsiba geldiarazteko”. Poloniak jada adierazi du baimenik gabe ere bidaltzeko prest dagoela. Ukrainak tanke horiek eskatzen ditu, esanez Errusiaren aurrean ahul dagoela horiek gabe. Leopard 2 tankeek 120 milimetroko kanoia dute, eta milaka metrora tiro egiteko ahalmena, Publico hedabideak zehazten duenez.

Horrez gain, Europako Batasuneko Kanpo Harremanetako ministroek adostu dute beste 500 milioi euro bideratzea Ukraina armaz hornitzeko laguntzara, astelehenean Bruselan egindako bileran. Bakerako Europaren Funtsaren bidez dagoeneko 3.600 milioi euro eman dizkiote Ukrainari, armamentuan erabil dezan.

Errusiaren erantzuna

Ukrainara bidaliko lituzketen tankeen kopurua ere erabakigarria izango da gerrako eragina neurtzeko. Alegia, herrialde gutxi batzuenak bidaltzen badituzte, baliteke Errusiari eraso egiteko nahikoa ez izatea. Kontuan izatekoa da Alemaniak dituela tanke gehienak, eta momentuz, ez du Ukrainari bereak emateko asmorik.

Errusiako Kanpo Harremanetako ministrorde Sergei Riabkov-ek ohartarazi du tankeak Ukrainara bidaliz gero “iragarri ezin diren ondorioak” egongo direla, eta gerraren eskalada “biderik arriskutsuena” dela, Naizek argitaratu duenez. Zehatzagoa izan da Dimitri Medvedev, Errusiako presidente ohia eta Segurtasun Kontseiluko presidenteordea: “Gerra konbentzional batean potentzia nuklear batek –Errusiak– porrot egiteak gerra nuklearra lehertzea eragin lezake”.