Urtarrilaren 20rako bidea. Donald Trump urtarrilaren 20an izendatuko dute AEBetako presidente. Demokraten aldeko elite ekonomikoak hainbat aldiz saiatu dira Trump hiltzen. Lortuko al dute helburua urtarrilaren 20a baino lehen? Hortaz gain, guda fase berri garratzagora eraman nahi dute. Horretarako, Errusia erantzun bortitza ematera behartu nahi dute. Azken probokazioa Igor Kirilov jeneralaren hilketa izan da. Zein izanen da hurrengoa?
Trumpen hitzarmenerako proposamena. Trumpen ingurukoen arabera, Zelenskik su-etena sina dezan eta frontearen lerroa orain dagoen puntuan izoztuta geratzea omen da bere asmoa. Bestalde, maiz aipatzen da NATOko 100.000 tropa sartuko ote dituzten Ukrainan, “bake-indar” gisa. Halaber, Ukraina NATOn sartzea 10-30 urtez atzeratzea aurreikusten omen du Trumpek. Proposamen horiek oso urruti geratzen dira Errusiaren asmoetatik.
Ukrainaren mapa berria. Luhansk, Donetsk, Zaporizhia, Kherson eta Krimea Errusiaren Konstituzioan txertatuta daude dagoeneko eta hori ontzat ematea da negoziaketatan hasteko lehen urratsa. Gainera, guda-zelaiaren errealitatea aintzat hartu beharko dela eta, baliteke eskualde gehiago erantsi behar izatea aurreko zerrendari, ordurako militarki hartuak izan litezkeelako (Mykolaiv, Odesa, Kharkiv, Dnipropetrovsk…). Gogoan izan dezagun ere garai batean berea izan zuen Galizia eskualdea berreskuratu nahi duela Poloniak. Eta Errumania eta Hungariak ere badituztela historikoki berenak izan diren lurrak. Litekeena da, beraz, Ukrainak handik eta hemendik lurrak galtzea. Bestalde, Black-Rock, JP Morgan eta beste hainbat putre-funtsek lur hoberenak erosi dizkiote. Ukrainaren mapa politiko-ekonomiko berriak antz txikia izan lezake egungoarekin.
Desmilitarizazioa. Operazio Militar Berezia abian jarri zuelarik, Vladimir Putinek desmilitarizazioa aipatu zuen helburu garrantzitsuenen artean. Hau da, geratuko den Ukrainak defentsarako gutxieneko armada bat besterik ez duela eduki ahal izanen. NATOk ez du lekurik izanen Ukrainan.
Euskal Herrian ere ezin ahaztuko dugu 1936-39ko guda basatian Errusiak eman zigun laguntza. Beren itsasontziak gure umez (1.800 inguru) bete eta Santurtzitik Moskura eraman zituzten etorkizun hobea eskaintzera
Desnazifikazioa. Desmilitarizazioa eta neutraltasunarekin batera, Vladimir Putinek OMBren hasieran aipatu zuen hirugarren helburu nagusia. Zelenski ez da presidente legitimoa, maiatzean amaitu baitzuen bere agintaldia. Beren Konstituzioaren arabera, Parlamentuko buruak hartu behar zuen behin-behineko presidente kargua. Baina Zelenskik ez zuen Konstituzioa bete nahi izan eta karguan jarraitu du geroztik legitimitaterik gabe. Lehendik alderdi politikoak, sindikatuak, komunikabideak, jatorrizko Eliza ortodoxoa… debekatuta ditu, egun Europan dagoen diktadura zorrotzena ezarrita. AZOVeko naziek gidatutako diktadura. Egun, Ukrainan nonahi ikus daiteke sinbologia nazia, agintarien ideologia argi erakutsiz. 2014ko estatu-kolpeak ezarritako sistema nazia deuseztatzeko bidea hauteskunde demokratikoak deitzea da. Gobernu berriak nazismoa eta bere ikur guztiak debekatuko dituen lege-sistema aktibatu beharko du.
NATO. Sobiet Batasuna desagertuta, bera ere desagertu egin beharko zatekeen. Baina aurkako bidea hartu eta Errusia aldera zabaltzeari ekin zion, herrialde errusiarraren geroa arriskutan jarrita. Horren ondorioa da funtsean Ukrainako guda piztu izana. Lehen Jugoslavia desegin zuten, Ukraina orain... NATO erasorako bakarrik dago eta ez du lekurik izan behar Europan.
AEB eta EB. Behin guda galdutzat emanda, litekeena da AEBek Ukrainako patata beroa EBren eskutan utzita alde egitea. Yankiek antolatu zuten triskantza hau orain EBko europarron esku geratuko al da? Herritarrok ordainduko al ditugu lur haietan inbertitu beharko den guztia, yankiek milaka milioi dolar irabazita joan eta gero?
Errusiaren lidergoa munduan. Errusia egun lidertzat hartua da munduko leku askotan inperialismo yankiari egiten ari zaion borrokagatik. Afrikan Burkina Faso, Mali, Niger, Txad, Afrika Erdiko Errepublika… dira aipagarrienak. Urriko BRICSen biltzarrean ongi ikusi zen mundu osotik etorritako estatuburuek nola erakutsi zioten Vladimir Putini beren adostasun politikoa, haren lidergoa txalotuta. Ukrainako guda amaituta Europan ere hedatuz joanen da Errusiaren aldeko jarrera.
Euskal Herrian ere ezin ahaztuko dugu 1936-39ko guda basatian Errusiak eman zigun laguntza. Beren itsasontziak gure umez (1.800 inguru) bete eta Santurtzitik Moskura eraman zituzten etorkizun hobea eskaintzera. Berriki urte luzean Polonian kartzelatuta eduki duten Pablo González ume haietako baten esker oneko semea da. Euskaldunok ere badugu geure artean dagoen errusofobia Pablorena bezalako esker onaz ordezkatzeko garaia.
Joan Mari Beloki Kortexarena