argia.eus
INPRIMATU
Euskaldunen aurkako irainak, ikur naziak eta Intxaurrondoko torturei erreferentzia Ukrainako misiletan
  • Asteburuan Athleticeko zaletu batzuek salatu zuten Donetskeko errepublikako bandera kendu ziela Ertzaintzak. Albiste horren harira adierazpen ugari egin dituzte eragileek, eta tartean Bilboko alkate Juan Mari Aburtok adierazi du "une honetan Errusiaren aldeko bandera bat erakustea erabat probokatzailea" dela. Beste era bateko adierazpenak egin dituzte orain Kiev hiriko Dynamo taldeko White Boys ultra naziek. Errusiaren inbasioaren aurka, gudako batailoi propioa antolatu duen hooligan talde honek, misiletan euskaldunen eta euskal presoen aurkako mezuak idatzi dituzte, sinbologia naziarekin batera.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko urriaren 19a
Sare sozialetan zabaldu duten argazkian, misiletan idatzi ditzuten mezuak ikus daitezke.

"Intxaurrondo, sakonago zulatu", "esukal (sic) presoak gas ganberara", "baskongadak Espainia dira!" eta "separatista putasemeak, gora Espainia". Gaztelaniaz idatzitako mezu horien ondoan, misiletan, ikur nazi bat eta Kieveko Dynamo futbol taldeko ultra neonazien sinadura jarri dituzte: "Dynamo Kiyv WBC". Azken sigla horiek White Boys esan nahi dute.

Ukrainako guda hasi denetik, batailoi propioa dute Errusiaren aurka guda egiteko. Argazki hori zabaldu dute Athleticeko zaleei erantzun asmoz.

Ideologia neonaziko ultrak dira Ukrainako hiriburuko Dynamo taldeko White Boys-ak. 2017an adibidez, UEFAk ikerketapean jarri zuen taldea, Donetskeko Shakhtar-en aurkako partida batean Ku Klux Klanez jantzi eta ikur naziak erakustegatik, Foottheball gunean irakur daitekeenez.

Dynamo Kiev futbol taldeko White Boys ultra neonaziak.

Eta nolatan idatzi dute gaztelaniaz ukrainarrek? Eskuin muturrari jarraipena egiten dion Miquel Ramos kazetari valentziarrak adierazi du, argazkiekin dokumentatuta, ultra neonaziek harremanak dituztela Europa osoan eta ez dagoela zalantzarik Espainiako neonaziek igorritako mezuak direla.

Ukrainako bandera erakutsi daiteke, Donetskekoa ez

Asteburuan, San Mamesen Donbasseko bandera bat erakutsi zuten eta Ertzaintzak kendu egin ziela salatu zuten.

Ertzaintzak adierazi zuen, El Correon jaso dutenez, Donbass eskualdeko bandera konfiskatu zutela hura erakusteak kiroleko indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako 2007ko legea betetzen ez zuelakoan. 6B artikuluaren arabera, debekatuta dago "indarkeriara bultzatzen duten pankartak, banderak, sinboloak edo bestelako ikurrak sartzea, erakustea edo egitea".

Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komiteak Ertzaintzaren jokabidea salatu zuen, Berrian irakur daitekeenez. Adierazi dute futbol zelaietan Ukrainako banderak erakusten direla arazorik gabe, eta Donetskeko errepublikarena zentsuratu izana ez dutela onartzen.

Gogoratu dute Donbassko herritarrei elkartasuna adierazteko taldeak 2014. urtetik daudela antolaturik Euskal Herrian, eta besteak beste San Mamesen askotan adierazi izan dutela orain arte. Errusiak otsailean Ukraina inbaditu ostean, berriz, agintariek "diskurtso bakarra" ezarri nahi dutela salatu dute.