argia.eus
INPRIMATU
Ukrainako gudaren amaiera?
  • AEBetako NBC hedabideak azaroaren 3an argitaratu du AEBetako eta Europako ofizialek bake negoziazioen gaiari eutsi diotela Ukrainarekin. Aste berean Time aldizkariak Ukrainako presidentea elkarrizketatu du eta azaletik bertatik iradoki du Zelensky bakarrik geratzen ari dela gudarekin jarraitzeko asmoan. Aldi berean, Economist aldizkariak Zaluzny jeneral ukrainarra elkarrizketatu du eta honek adierazi du guda “ez atzera ez aurrera” dagoela. Guda amaierara heltzen ari da? Errusiak irabazi du?

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2023ko azaroaren 06a

ARGIAren irakurleek behin baino gehiagotan irakurri izan dituzte nazioarteko gaiak jarraitzen dituen Moon of Alabama blogeko analisien erreferentziak. Ukrainako gudari dagokionez, The Ukraine Peace Talk Trial Balloon artikuluan –Ukrainako bake elkarrizketen zunda-globoa– jaso du azken egunotan AEBetako administrazioak bateko eta besteko hedabideetan argitaratu dituen informazioak. Blogaren egilearen ustez “zunda-globoa” izan litezke informazioak, ikusteko ea nola erreakzionatuko lukeen AEBetako iritzi publikoak AEBek eta NATOk Ukrainan guda galdu dutela jakitearen aurrean.

NBC hedabidearen informazioetara itzulita, ondorengoa dio: “Ukrainako agintariekin izandako elkarrizketetan atera da zer behar luketen Errusiarekin adostasun batera heltzeko. Elkarrizketa hauek –ofizialek delikatu gisa definitu dituztenak– duela hilabete gertatu ziren Ukraina babesten duten 50 herrialdetako ordezkariekin, NATOko kideak barne. Ukrainaren Defentsarako Harreman Taldea du izena taldeak".

AEB eta Europako agintariek ikusten zuten guda ez atzera ez aurrera geratu dela eta Ukrainari laguntza militarra emateko gaitasunak kezkatuta abiatu zituzten elkarrizketak. Bidenen administrazioko ofizialak, horrez gain, kezkatuta daude Ukrainaren indar militarra ahitzen ari ote den, Errusiak amaierarik gabeko hornidura duen bitartean. "Ukraina, aldi berean, jende gehiago errekrutatzeko zailtasunak izaten ari da eta Volodymyr Zelensky presidenteak errekrutatze mugagaberako baldintzak malgutzearen harira protestak izan dira”, jaso du NBCk.

Zelenskyk Time aldizkarian egindako elkarrizketan dio guda ez dagoela “ez atzera ez aurrera” eta ez duela Errusiarekin ezertaz negoziatzeko asmorik.

Titula nagusiak honela dio: "Inork ere ez du gure garaipenean nik adina sinesten. Inork ere ez". Hortik behera, honela aurkeztu du gaia Time-k: "Bi urte bete dira dagoeneko. Errusiak oraindik Ukrainako lurraldearen bostena kontrolatzen du. Hamarnaka milaka hil dira. Mundu mailako babesa murrizten ari da". Eta bigarren mailako titularra: "Volodomyr Zelenskyren borroka bakartia".

NBCn diote Biden kezkaturik dagoela Ukrainak gudara bidaliko dituen pertsona kopuruarekin. “AEB eta bere aliatuek armak bidal ditzakete Ukrainara, baina ez badute horiek erabiltzeko jende kualifikatua, ez du onik egiten”, dio egunkariaren iturri militar batek.

Zaila da kalkulatzea zenbat hildako izan dituen Ukrainako armadak, baina Moon of Alabaman kalkulatu dituzte 300.000 hildako eta 500.000 zauritu inguru, horietako asko elbarri bizi osorako. Aldi berean, Gazan guda hasi izanak nazioarteko arretagunea erabat mugitu du Ekialde Hurbilera, eta Zelenskyk berak publikoki adierazi izan du zailtasunak dituztela Ukraina agendan mantentzeko.

Honela amaitzen da Moon of Alabamaren analisia:

“Errusiak bake elkarrizketak onartuko lituzke. Hori bai, Ukrainari eskatuko lioke emateko prest dagoena baino gehiago. Gutxienez, anexionatu dituen bost oblasten [eremu edo zonalde] erabateko kontrola, Krimea barne, eta Ukrainak NATOrekin ez harremanik izatea. Ukrainako egungo legebiltzarrak eskaera horiek atzera botako ditu eta horrek ekarriko du Errusiak oraindik eta baldintza gehiago jartzea. Kiev-ek ez du errealitatea onartu oraindik. Ukrainako estatua odolusten ari da –finantza aldetik eta fisikoki–. Guda bultzatu zutenen hasierako helburuek –Errusia ahultzea– aurkakoa ekarri dute. Errusia orain handiagoa da eta militarki hobeto armatua dago, guda errealean esperientzia handiagoarekin bere aurkari posible guztiak baino. Errusiak irabazi du”.