Kievek Europako Batasuneko gobernuei laguntza eskatu die 50 pertsona inguru atxilotzeko, horien artean Banda Bassotti musika taldea, Donbassera karabana antifaxista antolatzeagatik. Terrorismoa egozten die Donbassekiko elkartasuna adierazteagatik.
2014ko irailean antolatu zuen Banda Bassottik karabana Donbassera, laguntza ekonomikoa eta humanitarioa jaso eta hara eramateko. Hainbat egun egin zituzten han, eta bi kontzertu eman zituzten.
Orain, ordea, Ukrainako Gobernuak karabana horretako partaide guztien atxiloketa eta estradizioa eskatu du, La Directa-n irakur daitekeenez. Denera, Espainiako Estatuko, Greziako eta Italiako 50 pertsona ingururen kontrako salaketa jarri du. Herrialdeko lege antiterroristak hautsi izana leporatzen diete.