argia.eus
INPRIMATU
Ukrainako gerra: negoziaketarako proposamen berriak bi aldeetatik
  • Errusiak bakea adosteko beste proposamen bat helarazi dio Ukrainari eta bere aldetik Ukrainak ere Mariupol hirian bildu eta negoziatzeko proposamena egin dio Errusiari. Apirilaren 21 honetan, Mariupol hiri estrategikoa Errusiaren esku artean dagoela aldarrikatu du Vladimir Putinek.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko apirilaren 21a
Azovstal altzairutegia, argazkiaren atzekaldean (Argazkia: Alexander Ermochenko)

Adostasun batera heldu nahian dabiltzala, egunez egun aurrera doa Ukrainako gerra. Atzo, apirilaren 20an, Errusiak berriz ere bidali zion bakerako proposamen berria Ukrainari. Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak zehaztera eman duenez, horra nagusiki zein diren baldintzak:  Ukrainak estatus neutrala izatea, Krimea Errusiaren parte dela eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia onartzea, eta errusiera hizkuntza ofizial bilakatzea.

"Negoziaketa saio berezia" eskatu dio bere aldetik Ukrainak Errusiari. Zehazki, Mariupol hirian elkartzeko irekidura erakutsi dio. Horren berri eman du Mykhailo Podolyak Ukrainako negoziatzaileak txio bidez: " Baldintzarik gabe. Prest gaude negoziazio-saio berezia antolatzeko Mariupolen. Bat baten aurka. Bi biren aurka. Gureak salbatzeko, Azov, militarrak, zibilak, haurrak, biziak eta zaurituak. Mundu guztia. Gureak direlako. Nire bihotzean daudelako. Betiko".

 

Azovstal altzairutegian, ultimatuma bukatua

Mariupolen geratzen den Ukrainaren erresistentzia gune bakarrenetako bat da Azovstal altzairutegia eta horra begira daude alde guztiak. Azkenean, Vladimir Putinek zehaztu du Errusiako armada ez dela bertara sartuko: "Industria gunean sartzeko agindua ez da egokia eta bertan behera uzteko eskatzen dut". Interfax albiste agentziaren arabera, soldatu eta ofizialen bizitzak babesteko beharraren azalpena eman du Putinek. 2.000 soldatu ukrainar daude bertan, hamar bat kilometroko eremuan, lur azpian zein gainean. Errusiako armadak eta Donbasseko herri errepubliketako soldaduek duela zenbait aste inguratu zuten, eta aste honetan bukatu da altzairutegia husteko ukrainar soldaduei egindako ultimatuma.

Badu asteak Mariupol hirian dabiltzala bi aldeak elkarren kontra, gogor eta hiria xehatua da. Azovstal altzairutegia salbu, beste guztia kontrolatzen du Errusiak eta "arrakastatzat" jo du garaipen hori Putinek.

Ramzan Kadirov Txetxeniako Errepublikako presidenteak gaur goizean zehaztu du apirilaren 21 honetan hartuko duela hiria kontrolpean Errusiako armadak. Horrelakorik ez du onartzen Ukrainako Gobernuak.