Bi herrialde horiek Errusiako petrolio inportazioen %90 osatzen dute. Europak nabarmen jaitsi du eskaera, baina gainontzeko herrialdeen eskaerak handituta, Errusiaren esportazio osoa handitu egin da. Prezioen jaitsieraren ondorioz, ordea, Errusiak diru sarrera gutxiago jasotzen du nahiz eta gehiago saldu.
Errusia Ukrainako gerra hasi aurretik baino petrolio gehiago ari da saltzen, batez ere, Txina eta Indiarekin egindako hitzarmenei esker. Gaur egun, bi herrialde horiek jasotzen dute Errusiako petrolio esportazioen %90. Kpler Oinarrizko Porduktuen Analitikaren arabera, herrialde bakoitzak 1,5 milioi upel inportatzen ditu egunean.
Gerraren aurretik ere Txina zen Errusiako petrolioaren erosle nagusia. 2021ean, esportazioen laurdena Txinara iristen zen. Hala ere, 2022ko otsailetik handitu egin du eskaera Asiako herrialdeak, Yahoo Finance-ren artikulu batean azaldu dutenez.
Indiaren kasuan, ordea, eragin nabarmena izan du Ukrainako gerrak eta Errusiako petrolio deskontuak. Munduko hirugarren petrolio inportatzailerik handienak gerra aurretik inportatzen zuen %1 inguru baino ez zion erosten Errusiari; gaur egun, %51.
Europaren eskaria, behera nabarmen
Txina eta Indiaren ondoren, Turkia eta Bulgaria dira Errusiako petrolio eroslerik handienak. Herrialde horien erosketei esker, salmenta osoen kopurua handitu du Errusiak, nahiz eta Europar Batasunak nabarmen jaitsi duen Errusiatik inportatzen duen petrolio kopurua. Gerra hasi aurretik Errusiako esportazio gordinen ia bi heren jasotzen zituen EBk, eta, gaur egun, %8 baino ez. Europako Banku Zentralaren kalkuluen arabera, Eurogunearen eta Errusiaren arteko merkataritza erdira jaitsi da 2022ko otsailetik.
Diru-sarrera gutxiago, zigorren ondorioz
Esportatzen ari den petrolio kopuruak gora egin badu ere, Errusiaren diru-sarrerak jaitsi egin dira, prezioen jaitsieraren ondorioz. Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, urtebetean %43 inguru jaitsi da Errusiak orotara jasotzen duen diru kopurua. Izan ere, Ukrainako inbasioaren harira Errusiari ezarritako zigor ekonomikoei aurre egiten ari da Putin. Besteak beste, Europar Batasunak erkidegoko herrialdeei debekatu die Errusiako ikatza eta diesela inportatzea eta petrolioa itsasontziz ekartzea.