argia.eus
INPRIMATU
Ukrainako Ekialdea: biktimen kontaketa
  • Ukrainako Ekialdean aurtengo otsailean piztutako gatazkan biktimen kopurua ez da gutxiagotu ARGIAn kontaketa egin genuen uztailaren 7tik hona, aitzitik, gatazka gogortu eta Donetsk eta Luhansk hiriak berreskuratzeko Kieveko tropek erasoa handiagotu ahala, hildakoen eta zaurituen kopuruak ere gora egin du.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2014ko abuztuaren 22a
Donetsk hirian abuztuaren 15ean Kieveko gobernuko tropek jaurtitako morteroek kale erdian zauritutako emakumea. (Argazkia: Los Angeles Times)

Nazio Batuen Erakundearen arabera 2.119 ukrainiar hil ziren abuztuaren 15a artean; geroztik gehiago hil dira, lerrook idazteko unean bertan -abuztuaren 21a, eguerdiko 13:30ak- agentziak zabaltzen ari ziren Donetskeko erdialdeko karriketara jaurtitako morteroek gutxienik zortzi herritarri kendu dietela bizia.

Gehienetan bezala, Wikipediak biltzen ditu zorrotzen gatazken ondorio humano eta ekonomikoen zifrak. Ukrainako Ekialdeko gatazkari dagokionez, honela laburbiltzen dira guduetan erori diren arizaleen kopuruak: Ukrainako gobernuak galdu ditu 632 militar, 27 polizia eta 8 ekintzaile (activists); separatista errusiazaleek 800 militante eta 46 ekintzaile galdu dituzte. Preso hartuen datuak bakarrik alde batekoenak dakizkigu: Kieveko gobernuak aitortu du 1.200 militar eta 174 polizia harrapatu dizkietela matxinoek. Herritar zibilei dagokienez, gutxienez 2.119 hil dira guduetan, hilabete bakarrean bi halakotu dira hildako zibilen kopuruak; zaurituen berri zehatzik ez da, baina askoz gehiago izan behar dute. Gehiago dira, beraz, hildako zibilak gerran parte hartzen ari diren gudariak baino.

Errefuxiatuei dagokienez, Iturri batzuek 188.216tan zenbatzen dituzte gerran dauden eskualdeetatik Errusiara ihesi joandakoak eta beste batzuek 730.000eraino daramate zifra. Horiez gain, 155.800 jende eskudeotatik partitu eta inguruetan barriatu dira.