Ukrainako armadak bere base militarrak ezarri ditu jendea bizi den eremuetan, "baita eskola eta ospitaleetan ere", eta eraso ugari abiatu ditu eremu horietatik. Horixe salatu du Amnesty Internationalek. Gehitu du, giza eskubideen urraketa hauek, baina, ez dutela justifikatzen zibil ugariren heriotza eta zauriak eragin dituen Errusiaren erasoa.
"Errusiako inbasioari aurre egiteko, Ukrainako armada herritar zibilak arriskuan jartzen ari da, hauek bizi diren eremuetan –eskoletan eta ospitaleetan barne– base militarrak ezartzean edo leku horietatik arma-sistemak erabiltzean", adierazi du Amnesty Internationalek abuztuaren 4an.
AI-k salatu du taktika horiek nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratzen dutela eta biztanleria zibila arriskuan jartzen dutela, eremu horiek helburu militar bihurtzen baitituzte. Errusiarrek eremu populatuetan egindako erasoek zibilak hil eta azpiegitura zibila suntsitu dutela jaso dute azken informean.
"Dokumentatu dugun panoraman, Ukrainako indarrek biztanleria zibila arriskuan jartzen dute eta gerrako legeak urratzen dituzte populazio-eremuetan jarduten dutenean", adierazi du Agnès Callamard idazkari nagusiak.
"Defentsa-posizioan egoteak ez du esan nahi Ukrainako indar armatuek ez dutenik nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatu beharrik".
Hala ere, Amnistia Internazionalak adierazi du beraiek dokumentatutako eraso errusiar guztiek ez zutela joera hori jarraitu. Alegia, Errusiak zibil ukrainarrak hil dituela, eremu populatu hauetatik Ukrainako armadaren erasorik jaso gabe.
Azkenik, Ukrainako armadak erasoak ospitaleetatik eta eskoletatik egin zituela dokumentatu du Amnesty Internationalek, egun zehatzen erreferentziak jasoz.