argia.eus
INPRIMATU
Ukrainak ez du “operazio antiterrorista” geratu; tentsioak gora egin du mugan
  • Ukrainako Gobernuak dio herrialdearen hego-ekialdean abiatutako “operazio antiterroristak” indarrean jarraitzen duela, Errusiak “inbaditzeko mehatxu egin arren”, Moskuk iragarritako ariketa militarren harira.

ARGIA @argia 2014ko apirilaren 25
Tanke ukrainarrak, Slovyansk inguruan. (Argazkia: Gyi)

“Errusiaren mehatxuek ez dute operazio antiterrorista geldiarazi, zenbait hedabidek esan duten moduan”, adierazi du Ukrainako Barne ministro Arsén Avákovek: “Terroristek tentuz ibili beharko dute egunaren 24 orduetan. Zibilek ez dute beldurrik izateko arrazoirik. Arriskutik kanpo mantenduko ditugu. Ez gara indarra disidentziaren aurka erabiltzen ari, terroristen kontra baizik”.

Atzo bost ekintzaile errusiazale hil zituzten tropa ukrainarrek, Slovyansk hirian izandako tiroketetan. Gutxienez tanke-zutabe bik eraso zituzten errusiar posizionamenduak, albiste agentziek jakinarazi dutenez. Horren berri izatean iragarri zuen Errusiako Defentsa ministro Sergei Xoiguk maniobra militarrak hasiko zituztela bi herrialdeen arteko mugan.

Zentzu horretan, AEBetako estatu idazkari John Kerryk salatu du Errusiak ez duela "pauso bakar bat" eman Genevan adostutako akordio diplomatikoa betetzeko. Adierazi du norabidez aldatzeko denbora agortzen ari zaiola Moskuri, eta Washington "prest" dagoela zigor gehiago ezartzeko: "Errusiak norabide honetan jarraitzen badu, ez du akats larria egingo bakarrik, garestia ere izango da. Tentsioak baretzeko bidea hartzen badu, nazioarteko komunitateak ospatu egingo du; bestela, kostu handiagoei egin beharko die aurre".

EBtik Ukrainara gasa bidaltzeko akordiorik ez

Europar Batasuneko (EB), Eslovakiako eta Ukrainako ordezkariek ez dute gas horniduraren inguruko akordiorik lortu, Eslovakiako Ekonomia Ministerioko bozeramaile Stanislav Jurikovicek jakinarazi duenez.

Iragan astean, Eslovakiako Gobernuak gasa Ukrainara bonbeatzea proposatu zuen, gasbide zahar bat berriro aktibatuta. Hura konpontzeak 21 milioi euroko kostua izango luke, eta urtean 8.000 milioi metro kubiko gas bideratu ahal izango lituzke, Ukrainaren gas kontsumoaren %14.

Badirudi hori dela alternatiba bideragarri bakarra, gasa Eslovakiako Velke Kapusanyko banaketa-lotunetik bonbeatzeak Gazprom konpainia errusiarraren oniritzia behar duelako.

EBk bat egin du Eslovakiako Gobernuaren proposamenarekin. Ez, ordea, Ukrainak. Kievek nahiago du indarrean dauden konduktuak erabiltzea, gasak zirkulatzen duen norabidea aldatuta, gaur gaurkoz azpiegituraren %50 besterik erabiltzen ez delako, Gobernuaren hitzetan.