argia.eus
INPRIMATU
2030eko Munduko futbol Txapelketa
Ukrainak bat egingo du Espainia-Portugal hautagaitzarekin
  • 2030eko Munduko Futbol Txapelketa jasotzeko hautagaitzen artean Espainiak eta Portugalek osatutakoa dago. Bada, Ukrainak hautagaitza horrekin bat egingo du, The Times-ek iragarri duenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2022ko urriaren 04a
Espainian, Portugalen eta Ukrainan jokatuko dira partidak, 'The Times'-ek jakinarazi duenez.

Egunkari britainiarraren arabera, lehen faseko talde bateko partidak jasoko lituzke Ukrainak. Proposamenaren zioetako bat da futbolak lagun dezakeela Ukrainara bakea eta itxaropena eramaten. FIFAk segurtasuna bermatzeko neurriak eskatuko ditu, baina hautagaitza hirukoitzaren bultzatzaileek espero dute 2030erako –gerra askoz ere lehenago bukatuta– Ukraina berreraikita egotea erabat.

Espainia eta Portugalgo futbol federazioek asteazkenean emango dute informazio gehiago, The Times-ek dioenez.

Oraingoz, 2030eko Munduko Futbol Txapelketa jasotzeko bigarren hautagaitza bat besterik ez dago, Uruguaik, Paraguaik eta Txilek osatua, txapelketa hori Hego Amerikan lehenbizikoz egin zela 100 urte beteko direnean. Maroko ere ari da hirugarren hautagaitza bat prestatzen, bakarrik edo Afrikako beste herrialde batzuekin batera.